Itxi

Faktoria

Aborturako eskubidea AEBn

Abortua AEBn: ama eta amonen eskubidea ebatsi diete alabei

Bi aste beteko dira AEBn abortua debekatzeari bide eman ziotenetik. Amaia Uribe EITBren berriemaileak eta Arantxa Elizondo EHUko irakasleak heldu diote urratutako bideari eta jotzat ematen diren eskubideak galtzeari. Elizondo: "Armak izatea gizonen eskubidea da AEBetan eta abortua, emakumeena".

  • Abortoaren aldeko protesta AEBetan

    Abortoaren aldeko protesta AEBetan

    24:03 min
imagen player
imagen player
imagen player

Amaia Uribe EITBren New Yorkeko berriemaileak azaldu du zortzi bat estatu hasi direla abortua debekatzen AEBn eta beste zenbaitetan dagoela bidean: "50 estatuetatik 26tan mugatu edo debekatuko dute haurdunaldia etetea: "Oklahoman ernalketatik debekatuta dago, Alabaman bortxaketa kasuetan ere bai, eta Ohion haurdun geratu den 10 urteko haurrari eragotzi diote abortua". Debekua blokeatzeko ahaleginak ezerezean geratuko direla nabarmendu du Uribek. eta Kalifornia edo New Mexiko hasi direla haurdunaldia eten nahi duten beste estatuetako demokratak hartzeko bidea lantzen.

Uribe bera izan da Wahington DCn abortatzeko klinika batean erreportajeak egiten. Tejastik Washingtonera joateko bost orduko hegaldia behar da, eta beste horrenbeste itzultzeko, "eta horri gehitu 500 dolarreko ebakuntza, lolekua eta asegurua". "Klinikako langileek azaldu digute biztanle zaurgarrienak baldintza ekonomiko horiei aurre egin ezin dieten emakumeak direla, pobreak eta, gehienak, arrazializatuak", nabarmendu du kazetariak, "eta ziurtzat jo dute debekuak abortu klandestinoak areagotuko dituela". Eta ondorioztatu du: "Kosta egiten da sinestea, baina horrela daude gauzak 2022ko AEBetan".

Arantxa Elizondo EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak AEBen eragin-ahalmena gogoratu du, eta ez du baztertu Gorenaren epaia beste estatu batzuetan igartzea ere: "Kristau talde ebanjelista eta ultraeskuindarrek indar ikaragarria dute eta lobby ikaragarria sortu dute, Donald Trumpen alde eginez; eta honek Gorena epaile kontserbadorez bete du trukean". Elizondorekin aztertu ditugu epaiak ekarritako protesta-giroa, epaiak mugimendu feministan izango duen eragina eta ultraeskuinaren agenda. Irakasleak nabarmendu abortuaren epaiak bat egin duela denboran suzko armak konstituzionalki babesteko epaiarekin: "Asko diote gizon eta emakumeen arteko botere harremanez; arma eramateko eskubidea praktikan, gizonezkoena da, eta abortua, emakumearena, eta erakusten digu lehentasun mailak oso direla bestelakoak". Eta ohartarazi du: "jotzat ematen ditugun eskubideak kolokan egon litezkeela gogoratzeko balio digu".