Itxi

Faktoria

Psikologia

Nerea Astigarraga: "Nahasmen bipolarra dutenen % 60 langabezian daude"

Garazi Urdanpilleta | EITB Media

Eutimia izeneko egoera orekatuan bizi da Nerea Astigarraga. 2011n diagnostikatu zioten nahasmendu bipolarra eta, ondoren, 34 urterekin Psikologia ikastea erabaki zuen. 'Resetea tu vida' izeneko liburua plazaratu du, bere bidaia eta diagnosiaren ondorengo bizitza berria partekatzeko.

  • Nerea Astigarraga

    Nerea Astigarraga

    16:01 min
imagen player
imagen player
imagen player

Nahasmen bipolarra ez da umore aldaketa batzuen aldaketa soila, askoz konplexuagoa eta delikatuagoa da. Horixe azpimarratu du "Faktoria" magazinean Nerea Astigarragak. Mania edo hipomania (motarne arabera bat edo beste izaten da, sintomatologia psikotikoa ere izan ditzake) eta depresio faseak izaten ditu gaitzak. Mania edo hipomania faseetan euforia erradikala, autoestimu exajeratua, pentsamendu azkarra, arrisku egoeren bilaketa… sentitu ohi dira. Depresio fasean, berriz, tristura patologikoa eta plazera lortzeko nahia eta gaitasuna galtzea. Eutimia izeneko aro orekatua dago bien artean eta, Astigarragak aipatu duenez, "zorionez, ni egoera eutimikoan bizi naiz". Gaitza ondo kudeatzen ikasi du eta, ondorioz, kalitateko bizitza darama.

Astigarragak Psikologia ikastea erabaki zuen gaixotasunaren diagnostikoa jaso ondoren, eta liburu bat ere idatzi du: Resetea tu vida. Cómo descubrí un nuevo estilo de vida tras ser diagnosticada de trastorno bipolar. Bertan, bere bidaia eta diagnostikoaren ondorengo esperientzia partekatu ditu, besteak beste, egoera horretan dauden pertsonei laguntzeko. Izan ere, "norberak bere buruari bizitzan aukera berri bat eman behar diola" aldarrikatu nahi du; hori baita reseteatzea bere ustez: "Gauzak beste era batera egiteko posibilitatea dago, gauzak aldatzeko, gustura ez baldin bazaude". Gainera, "zabor psikologikoa alde batera uztea" ere reseteatzea badela aipatu du.

Kausa anitzeko gaitza dela azpimarratu du. Izan daiteke genetikoa, proteina neurotransmisoreek edo estres handiko egoerek eragindakoa, baina, nerabeei mezu zuzena emanez, "drogen kontsumoan" jarri du arreta.

Une honetan langabezia dago bera, eta, nabarmendu duenez, nahasmen bipolarra dutenen artean, kalkulatzen da % 60 langabezian daudela edo lana lortzeko zailtasunak dituztela. Horregatik, borondate politikoa eskatu du eta plan inklusibo gehiago  enpresa normalizatuetan, erakunde inklusiboetan ez baita denontzat adina lanik.