Faktoria
Etxebizitza merkatua
Maitane, urtebete etxe bila: "Aurrezkiak ditut, baina zaila da, etxe gutxi, eskasak eta garesti daude"
Oihane Yustos | EITb Media
Etxe bila dabiltzanen, erosi berri dutenen, bankuekin negoziatzen ari direnen eta alokairu partekatuan bizi direnen lekukotzak jaso ditugu "Faktoria" albistegian.
-
Unai Urigoitia, Durangoko KBIA higiezin enpresa
34:02 min
"Salmentan etxe gutxi dago, kalitate eskasekoak dira, hobekuntza asko behar dituzte eta oso garestiak dira". Deskribapen hori behin eta berriz errepikatu dute etxe bila dabiltzatenek. 35 urte inguruko lau adibide jaso ditu "Faktoria"k, Maitane, Dani, Jagoba eta Garazirenak. Batzuek urteak eman dituzte etxe bila. Maitanek Donostian erosi nahi du: "Uste nuen momentu ona zela nire bizitzan etxea erosteko, baina munduan ez da momentu ona etxea erosteko. Nik nahi dudana eta bizi naizen inguruan dagoen egoera ez datoz bat". 10 bat urte eman ditu lanean, eta aurrezkiak dituen arren, ez zaio testuinguru erraza egokitu: "Dirua aurreztuta dut, lan egonkorra dut, baina oso etxe gutxi dago eta daudenak berritu behar dira".
Danik bi urte eman ditu bilaketan horretan eta orain etxebizitza tasatua egokitu zaio. Han hartu du "Faktoria". "Ezin sinetsita gaude, hau da nire etxea", esan du pozik. Merkatua arakatu du eta aurkitu dituen etxeak Maitanek deskribatzen zituenen antzekoak izan dira. Bankuekin negoziazioa ez da gozoagoa izan. Danik mailegu mixtoa lortu du, 15 urtez finkoa eta azken 10ak aldakorra. Garazi eta Jagoba juxtu negoziazio erdian harrapatu ditugu. Etxearen prezioa adostuta eta bankuekin baldintzak lotzen eta jabetu dira presaz: "Astebete ematen dizute eskaintza onartzeko, denbora hori pasata ez dizute ziurtatzen esandakoa beteko dutenik".
Eta presa hori agerikoa da hirigintza enpresetan. Durangoko KBIAn lan egiten du Unai Urigoitiak eta uztaila oso lanpetuta izan dute: "Nabaritu dugu zoramen hori eta zerbait gehiago saldu da". Euskal Autonomia erkidegoan iaz baino % 7 gehiago saldu da uztailean , Nafarroan aldiz, % 13 egin dute behera salmentek. Etorkizunean zer gertatuko da? Prezio jaitsiera espero du Urigoitiak: "krisia dator, leku guztietatik hori entzuten ari gara eta seguruaski etxeen salneurriak gutxituko da".