Itxi

Faktoria

Auzitegi Konstituzionalaz

Joxe Ramon Bengoetxea:"Auzitegiak politikarako tresna direla onartzen bada ez da sakoneko arazoa konponduko"

P.G. | EITb Media

EHUko zuzenbide teoriaren katedradunaren hitzetan, arazoa "oso serioa da, alderdi politiko guztiek onartzen dutelako goren mailako auzitegiak politizatuta egon daitezkeela". Bengoetxeak bestalde "astakeriatzat" jo du errekusatutako bi magistratuk bozketan parte hartu izana.

  • Auzitegi Konstituzionalak galerazi egin du Senatuko bozketa.

    Auzitegi Konstituzionalak galerazi egin du Senatuko bozketa.

    9:10 min
imagen player
imagen player
imagen player

Joxe Ramon Bengoetxea EHUko katedradunaren esanetan zaila da zer gertatuko den aurre ikustea, sekula ez delako gertatu, Auzitegi Konstituzionalak Parlamentuko bozketa bat galeraztea.  Bi aukera ikusten ditu halare: bat, Auzitegi Konstituzionalaren lege organikoari eta Botere Judiziararenari eragiten zieten bi enmendakinak alboratuta, zigor kodearen bozketarekin aurrera jarraitzea; bestea, lege organiko berriak proposatzea bi erakunde hauei buruz, "aurkeztutako bi zuzenketetan forma akatsak bazeuden"  haiek gainditzeko eta ahalbidetzeko haiekin lortu nahi ziren ondorioak, oraingoan eskatu beharreko txostenak eta ohiko prozedurak jarraituz.

"Faktoria"n egindako elkarrizketan, Bengoetxeak salatu du Auzitegi Konstituzionalak 13  diputatuk aurkeztutako helegiteari babesa adieraztean, babesik gabe utzi dituela gainerako guztiak, eskubide politiko eta ordezkaritza eskubide berdinak badituzte ere.

Bereziki kritiko mintzatu da agintaldia iraungita duten bi magistratuk eztabaidan eta bozketan parte hartu zutelako: "Astakeria bat da. Ez dago inondik hartzerik eta guztiz delegitimatzen du Auzitegia bera. Auzitan dagoena alde dena epaile bilakatzen da aldi berean. Ez dago ulertzerik eta ez dator bat Justiziaren printzipioekin".

EHUko zuzenbide teoriaren katedradunak zail ikusten du konponbidea: "Atzean dagoena oso arazo potoloa da, onartzen delako goi mailako auzitegi horiek politika egiteko tresna direla eta hori onartzen den heinean, erabiliak izango dira. Eta horretarako bide ematen badute, are okerrago. Independenteak eta neutralak izan behar dute eta inpartzialak, baina hori ez badute defendatzen, eurak ari dira eskaintzen bere burua joko politikorako".