Itxi

Faktoria

Jose Ignacio Asensio

Jose Ignacio Asensio: "Ez gara egongo nortasunean eta independentzian oinarritutako akordioetan"

Zubietako Erraustegiaren isurien inguruan Ekopolek egindako txostenaz galdetuta, PSE-EEko Gipuzkoako Aldundirako ahaldun nagusigaiak esan du “harro” dagoela azpiegituraz eta GHKk erraustegiaren kontrol “zorrotz eta publikoa” egiten duela.

  • Jose Ignacio Asensio

    Jose Ignacio Asensio

    21:02 min
imagen player
imagen player
imagen player

Jose Ignacio Asensio PSE-EEko Gipuzkoako ahaldun nagusigaia eta Gipuzkoako Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua izan da Euskadi Irratiko "Faktoria"-n. Amaitzear den legealdirako jeltzaleekin egindako akordioa "erabat" bete dela esan du Asensiok. Akordioa beste legealdi baterako luzatzeko aukeraz, tentuz, hauteskunde emaitzak eskutan izan arte ez du erabakirik argitu nahi izan. Hori bai, "nortasunean oinarritzen diren eta independentistak diren politiketan" Alderdi Sozialista ez dela akordioetan egongo azpimarratu du. Beraz, datorren legealdirako balizko akordioetan "lurraldetasunaren aurrean, langileen eskubideak" jarriko dituztela esan du,  "gipuzkoarren aniztasuna errespetatzeko".

Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak Zubietako erraustegiaren isurien inguruan Ekopol EHUko ikertzaile taldeak kutxadura eta prebentzio kontrol integratuari buruz egindako txostenaz ere mintzatu da. Txosten horren arabera, Zubietako erraustegiak 2000 aldiz gainditu zuen gehienezko kutsadura muga 2020 urtean. Asensiok GHKren kudeaketa "zorrotz eta publikoa" azpimarratu du eta Ekopolen txostena "datu nahasietan" oinarrituta dagola esan du. Ingurumen Baimeneko "betebehar denak" bete direla adierazi du ahaldungai sozialistak eta datu horiek publikoak direla.

Hondakinen kudeaketaz, Asensiok azpimarratu du Zubietako azpiegiturarekin "erabat harro" dagoela, are gehiago, Aldundiak "itxita" daukala hondakinen kudeaketarako eredua. Hain justu ere, EH Bilduri hauteskundeei begira bere proposamena zein den argitu dezala eskatu dio, tartean, "zabortegiak berriz irekitzeko edo atez ateko zabor bilketa bultzatzeko asmorik ote duen".

Zerga politikaz, fiskalitateaz, inflazioaren aurkako neurrien artean zein izango diren behin behinekoak eta zein behin betikoak zehaztea izango dela eginbeharra esan du, "progresibitatea nola hobetu finkatzeko". Sozietateen gaineko zerga  %6tik igotzeko aukera ez ezik, "kenkariak aztertzeko aukera" aipatu du, hausnarketa hori "lasaitasunez" egin behar bada ere. Besteak beste, "ezinbestekoa" dela esan du "zenbait produkturen gaineko BEZaren inguruan hausnartzea": "gizarte politiketara bideratzen den dirua aurrekontuaren erdia izan behar da, eta horretarako diru sarrerak beharko dira".

EH Bildurekin fiskalitatean lortutako akordioak etorkizunean "mahai gainean" egongo direla argitu du Asensiok eta "gehiengo nabarmena" nahi duela horretan, "EH Bildurekin baina baita EAJrekin ere". Azken horrekin "aurre akordioa" sinatu dutela nabarmendu du, eta EAEko hiru Aldundietan "koherentzia eta homologazioa" behar lukeela fiskalitateak.

Etxebizitza politikari dagokionean, alokairuen prezio mugaren inguruan Gipuzkoan garestitzeari aurre egiteko neurriak badaudela esan du, eta etxebizitzaren eskubidea "eskubide subjetiboa" dela Alderdi Sozialistari esker. Merkatu pribatuan esku hartu beharko ote litzatekeen galdetuta, sozialistak emantzipazioa diruz laguntzeko programen balioa nabarmendu du.