Itxi

Faktoria

'Sharenting'-az

'Sharenting'-aren arriskuez: "Ez partekatu adingabeko seme-alaben irudiak WhatsApp, Instagram eta TikToken".

MIKEL ROTAETXE

Seme-alaba adingabeen argazki eta bideoak sareratzeaz aritu gara Euskadi Irratiko 'Faktoria'n. Ekintza xalo eta intentzio onekoa arriskutsu izan litekeela ohartarazi eta zuhur jokatzea eskatu dute Jon Turrillas abokatuak eta Maialen Garmendia EHUko soziologoak.

  • Sharenting

    Sharenting

    26:25 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ingelesezko share (partekatu) eta parenting (gurasotasun, heziketa) hitzak batuta sortu dute sharenting moldea, eta adingabeko seme-alaben irudiak sare sozialetan partekatzeari egiten dio erreferentzia. Ekintza ustez kaltegabea da eta intentzio onez eginikoa, baina geroz eta gehiago dira sharenting-aren arrisku eta ondorioez ohartarazten duten adituak. Frantziako Asanblada Nazionalean auzari buruzko legedia hasi dira tramitatzen, Kolonbian araudi baten premia nabarmendu du Konstituzio Auzitegiak eta Herbehereetan, epaile batek kalte-ordainak pagatuarazi dizkio emakume bati, bere bilobak haren aurkako demanda jarri eta gero, haurtzaroan bere irudiak zabaltzeagatik.

Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan luze aritu gara fenomeno horren inguruan. Maialen Garmendia EHUko Soziologoa irakasle eta EU Kids Online ikerketa taldeko zuzendariak nabarmendu duenez, "haurrei arrasto digitala ari gara eraikitzen gogoz kontra". Adituak frogatutzat jo du haurtzaroan sarera igotako argazkiak gerora erabili egin daitezkeela bullying kasuetan eta adingabeen pribatutasunerako eskubidea urratzen dela. Emaize elkarteko psikologo Aitziber Argotek erantsi du intimitatearen zentzua aldatzen ari dela: "Umeak ohituago ikusten ditugu kamera aurrean posatzen eta, kasu batzuetan, pribatua eta publikoa zer den nahasten dituzte". Nabarmendu du, gainera, badela gazte askoren artean "traizio" sentsazio bat, gurasoek haien irudiak baimenik gabe zabaltzeagatik.

"Seme-alaben irudiak sare sozialetara igotzen ditugunean ez dakigu nora ari garen igotzen" azpimarratu du Jon Turrillas Informazio eta Komunikazio Teknologietan aditua den abokatuak, "eta argazki bat sareratzen dugun momentuan bere gaineko kontrola galdu dugu". Turrillasek argi esan du ez lituzkeela argazkiak METAren zerbitzuetara (WhatsApp, Instagram, Facebook) ezta TikTokera ere: "Ez partekatu ezer zerbitzu horietan, erabili e-maila edo beste sistema batzuk, ez dituztelako bermeak eskaintzen".