Itxi

Faktoria

JOseba Palenzuela, alkatea

Mutrikuko alkatea: "Azken urtean gora egin du delinkuentziak, eta beldurra eta segurtasun eza areagotu da"

Mutrikun goizaldean lapurreta izan da etxe batean eta bi bizilagun labanez zauritu dituzte. Kezkatuta agertu da Joseba Palenzuela alkatea azken urtean halako gertaerek gora egin dutela ikusita.

  • Mutriku

    Mutriku

    5:31 min
imagen player
imagen player
imagen player

Mutrikun, gaur goizean lapurretan sartu dira herriko etxe batean, eta, ustez, bertan bizi diren senar-emazteak labanaz zauritu dituzte. Joseba Palenzuela alkateak baieztatu du Euskadi Irratiko "Faktoria"n Mendaroko erietxera eraman behar izan dituztela eta ikerketa zabalik dagoela.

 Azken urtean areagotu diren gertakarien testuinguruan kokatu du alkateak gaur goizaldeko gertaera. "Areagotu egin dira lapurretak, eraso fisikoak, drogak… gaur goizean odola agertzeraino". Hori dela eta, herrian zabaldu egin da beldur eta segurtasun ezaren sentsazioa: "sentitzen dugu umeak ezin direla kalean bakarrik utzi eta bakarrik bizi diren aiton amonak babestu behar ditugula". Alkateak ez ditu gertaera hauek kolektibo zehatzekin lotu nahi izan: "kanpokoak eta bertakoak daude tartean".

 Bada, herriari erantzun bat emateko asmoz, manifestazioa antolatu du Udalak gaur arratsaldeko 18:30erako. "Argi utzi nahi dugu Mutriku herri baketsua dela eta etorkizunean ere hala izaten jarraitu nahi dugula". Palenzuelak argitu du bi helburu izango dituela gaurko protestak: "batetik, herri modura bat eginda agertzea eta herritarrek elkarren babesa sentitzea, eta, bestetik, gertaera hauen egileek ikustea herria batuta dagoela eta herritar bati eraso egiten zaionean herri osoa dagoela herritar horren atzean".

Mutrikuko Udalak eta Ertzaintzak elkarlana areagotu dute azken urtean "bakoitzak bere eremutik" gaiari gertuagoko jarraipena eginez.