Faktoria
EH Bildu
Asiron: "Iruñean bada orain gobernu alternatibo bat osatzeko aukera are gehiago: gu gara aukera bakarra"
P.G. | EITb Media
Joseba Asiron Iruñeko Udalerako EH Bilduren alkategaia baikor mintzatu da maiatzeko hauteskundeen ostean Nafarroan eta, bereziki, Iruñean zabalduko den agertoki politiko berriaz.
-
Joseba Asiron
22:53 min
Joseba Asiron EH Bilduren Iruñeko Udalerako alkategaia baikor mintzatu da maiatzeko hauteskundeen ostean Nafarroan eta bereziki Iruñean zabalduko den agertoki politiko berriaz. Duela zortzi urte hasitako aldaketari jarraipena emateko aukera ikusten du, Enrique Maya UPNko alkatearen agintaldia "parentesi" bat izan dela iritzita.
Asironen hitzetan inkestek joerak erakusten dituzte eta Nafarroa eta Iruñaren kasuan, joerek erakusten dute "EH Bildu erabakigarria izango dela erakunde guztietan".
Sozialistek izango ote duten giltza eta Elma Saizekin negoziaketak errazagoak izango ote diren galdetuta, ez du ezer aurreratu nahi izan; hauteskundeen ondoren herritarrek ematen duten erradiografia ikusi beharko dela adierazi du: "eta hor esaten bada EH Bildu ezinbestekoa dela, arduratuko gara ezinbestekoak izaten".
Maria Chivite presidenteak Parlamentuaren mahaiaren osaketa aurreratzeak, eta udalen osaketaren aurretik jartzeak ez dituela negoziaketak baldintzatuko uste du. Hortik aurrera zabaltzen den bi hilabeteko epean, esan du, "hor bai izango da garrantzitsua norberaren posizioa eta bi hilabete horietan bai arduratuko gara ezinbestekoak izaten".
Alkatetza berreskuratuz gero, gizarte politikak, etxebizitza sozialak, memoria historikoa eta berdintasuna izango dira bere jardunaren ardatzak. San Ferminetan Gaztelu plazako taberna eta kontzertuak bertatik kentzearen alde ere mintzatu da.