Faktoria
ERAIKUNTZA SEKTOREA
Eraikuntza sektorearen egoeraz
EIDER ARANBERRI | eitb media
Inflazioak eragindako prezioen garestitzearen ondotik, argazkia atera diogu 'Faktoria'-n eraikuntza sektoreari. Materialak eta argindarra garestitu dira, eta horrek sektorearen irabaziak mugatu ditu, eta zenbait kasutan desagertu. Egoera bertatik bertara ezagutzen dutenen testigantzak bildu ditugu.
-
Iñaki Urresti
24:30 min
Oinarrizko material batzuk ehuneko 60 garestitu dira. Etxeak egiteko ezinbestekoak diren adreiluak adibidez, ehuneko 44 urtebetean. Hornidura krisia tarteko 2020a baino lehendik hasita zeuden prezioak igotzen, baina pandemiak eta Ukrainako gerrak sektorearen egoerak ekarri zuten ekaitz perfektua. "Arazo handiak egon dia, obren erritmoa moteldu ez ezik, obren kostua garestitu da, eta ondorioz irabaziak gutxitu dira, eta desagertu ere bai kasu askotan". Iñaki Urresti ASCOBI Bizkaiko eraikuntza enpresen eta higiezin sustatzaileen elkarteko idazkari nagusiaren hitzak dira. Euskadi Irratiko '"Faktoria"n elkarrizketatu dugu sektorearen egoerari buruz luze eta sakon galdetzeko.
Bereizketarik gabe, obra pribatu zein publikoetan izan dira arazoak, baina nabarmendu du erakunde publikoek lehiaketetara ateratako obra publikoen lizitazioen kasua; "erakundeek ez badituzte prezioak merkatura egokitzen, inor ez da aurkeztuko eta lizitazioak hutsik geratuko dira". 2022 urtean, agerian geratu zen hori: Hego Euskal Herrian 150 obra publiko baino gehiago geratu ziren inork egin ezinda.
Nolanahi ere, Urrestik dio negozio bolumena ez dela jaitsi. "Lan asko dago eta momentu honetan obra badago, nahiz eta oraindik ez garen pandemiaren aurreko mailara iritsi". Hauteskunde urtea izateak ez du horretan lagunduko, gainera, izan ere, lizitazioen prozesuak 5-6 hilabete artean etenda geratzen dira. Hala ere, zuhurtziatik, epe ertainera prezioak egonkortuko direla dio Urrestik: "dagoeneko hasi gara prezioen egonkortzea nabaritzen".
Eraikuntza enpresa handiez harago, baina, obra txikiagotan aritzen diren langileak daude, eta horiei ere bete betean eragin diete prezioen igoerek. 'Faktoria'-n Gorka Irazusta igeltsero zumaiarraren testigantza bildu dugu. Bere hitzetan, "1000 euro arteko galerak" izan zituen prezioak gora egiten hasi zirenean, baina kolpeen ondotik, bezeroei baldintzak zorrozten hasi zen, adibidez, aurrekontuak onartzeko epeak murriztuta.
Baldintzen negoziazio hori gero eta ohikoagoa da auzokideen komunitateen artean. German Urizar Bilboko AUP Soro administrazioko administratzailea askotan ibiltzen da enpresen eta bizilagunen arteko bitartekari lanak egiten, eta azken hilabeteetan bereziki nabaritu ditu bizilagunen "estuasunak". "Aurrekontua onartzeko epeak oso laburrak dira, eta, hilabeteko epean, berrikuspena egiterakoan, ehuneko 40 garestiagoa izan liteke aurrekontu berdina". Urizarrek zehaztu du fatxadak konpontzeko diru laguntzak badaudela eta obrak egiteko momentua orain dela, baina prezioen igoeraren testuinguruan balantza aurkitzea "oso zaila" dela.