Itxi

Faktoria

JON IRAZUSTA FISIOLOGOA

"Trans kirolariek errendimendu hobea daukate, baina euren parte hartzea arautu egin behar da"

EIDER ARANBERRI

Hainbat kirolari profesional trans kirolariek goi mailako txapelketetan parte hartzearen aurka azaldu dira. Adituen arabera, hainbat faktore hartu behar dira kontuan. Beste kirolari batzuen iritziz, berriz, kasu bakoitza banan-banan aztertuta edo kategoria berri bat sortuta konpon liteke arazoa.

  • "Trans kirolariek errendimendu hobea daukate, baina euren parte hartzea arautu egin behar da"

    "Trans kirolariek errendimendu hobea daukate, baina euren parte hartzea arautu egin behar da"

    21:55 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ana Peleteiro Espainiako selekzioko jauzilariak heldu zion gaiari: bere iritziz trans pertsonei kirolaren ateak zabaldu behar zaizkie, baina ez goi mailako edo eliteko kirolaren ateak. Iritzia eman ostean, sekulako jazarpena jasan zuen, baina, momentuz, Nazioarteko Atletismoaren Federazioaren erabakia bide beretik doa: kirolari transgeneroek ezin dute lehiaketetan parte hartu.

Gaia hor dago, eta eztabaida ere bai. Kontu honen inguruan erabakia hartzen azkena UCI Naziorteko Txirrindularitza Batasuna izan da; gaurtik aurrera, debekatu egingo die pubertaroaren ostean trantsizioa egin dieten emakumeei nazioarteko egutegiko lehiaketetan parte hartzea.

Honi buruzko iritzia galdetu diegu "Faktoria"n, Izaro Antxia trantsizioa egindako futbolari eta txirrindulariari: bere iritziz, ez dago eztabaidarik, abantaila edo nagusitasuna dagoen kasuetan, ezin dute bizi osoa entrenatzen daramaten emakumeekin batera lehiatu: "euren ogibidearekin jolastea litzateke hori. Nire ustez, kasu bakoitza banan bana aztertu beharko litzateke".

Iritzi berekoa da Maitane Melero atleta nafarra, baina zehaztu du gauza batek ez duela bestea kentzen: "lehiatzerako orduan benetan uste dut hau guztia erregularizatu egin beharko litzatekeela, agian beste kategoria bat sortuta. Osagarri hormonala handia da, eta horrek ematen duen potentzia ikaragarria da. Erresistentzia ere bai, baita abiadura ere...".

Honen inguruan, Jon Irazusta Fisiologian katedraduna den EHUko irakasleak zera dio: "oro har, abantaila badago, baina gutxi batzuen kasua da. Trans emakumeak ez dira zis gizonezkoak baino hobeak kirolean".

Zentzu horretan, kirol disziplina bat edo beste, aldeak areagotzen dira, adibidez, altuera garrantzitsua den kasuetan. Euren parte hartzea baimendu edo debekatu beharko litzatekeen galdetuta, beraz, Irazustak argi dio ikuspegi fisiologikotik ezingo luketela elkarrekin lehiatu... "baina eskubideak, integrazioa... hori guztia ere kontuan hartu behar da, bai zis emakumeena, baita trans emakumeena. Erabakia ez da soilik biologikoa. Beste faktore batzuk kontuan hartuta, modu koherentean eta argian arautu behar da."