Itxi

Faktoria

Osasuna

Sagardui: "Donostia tratamendu onkologikoen erreferentzia izango da ondoko probintzia eta erkidegoentzat"

JOne Larrañaga | EITb Media

Udan, berrantolaketak eta ordu murrizketak izan direla dio, baina herritarrak ez direla zerbitzurik gabe utzi. Martxan diren lan eskaintza prozesu handiak bukatuta, Osakidetzako langileen behin-behinekotasuna % 8tik behera geratzea nahiko lukeela esan du.

  • Gotzone Sagardui, Faktoria-ko elkarrizketan

    Gotzone Sagardui, Faktoria-ko elkarrizketan

    26:01 min
imagen player
imagen player
imagen player

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua Donostiako ospitale gunean egingo diren azpiegitura berriei buruzko zehaztasunak eman ditu "Faktoria" irratsaioan eskainitako elkarrizketa. Gaur onartuko du hirigintza planaren espedientea Donostiako Udalak eta, Sagarduik iragarri duenez, datorren urteko lehen sei hilabetean hasiko dira lanak. Bi eraikin nagusi izango ditu. Bata, Amancio Ortegak dohaintzan eman zuen protoi terapia makinaren inguruan egituratuko da eta erreferentziazko tratamendu onkologikoa emango zaie bertatik bai Gipuzkoari, bai eta inguruko probintzia eta erkidegoei ere. Horrez gain, kanpo kontsultetarako eraikin berria altxatuko da. Sagarduik zehaztu duenez, "zentro berri eta berritzailea" izango da eta Donostiako ospitaleko langileen elkarlanerako eta ikerkuntzarako guneak ere izango ditu. Bi eraikinen artean kokatuko da aparkaleku berria. Lanek bi urte iraungo dute eta sailburuak zehaztu duenez, tarte horretarako aztertzen ari dira behin-behineko aparkalekurako kokaguneak.

Osasun Planaz ere mintzatu da Sagardui sailburua. Ukatu egin du mediku faltari aurre egiteko kontsulta telematikoak bultzatuko dituztenik etorkizunean. "Mediku eta paziente arteko harremana ez da ordezkatuko", esan du. Gaineratu du erizainek ez dutela jaso haien lana egiteko irizpiderik. "Ez zaio erizainari berea ez den lanik eskatu eta ez zaio eskatuko etorkizunean ere", azpimarratu du. Sailburuak onartu du, ildo horretan, uda honetan izan direla berrantolaketak eta ordutegi murrizketa batzuk baina azpimarratu du ez dela herritarrik utzi osasun zerbitzurik gabe.

Sagarduik adierazi duenez, leihatilak plantila handitzeko eta egonkortzeko ahaleginean jarraitzen du Osakidetzak. Gogoratu du legegintzaldi hasieran 4.000 plazako iragarpena egin zutela, eta dagoeneko 11.000 langile hartzen dituztela zabalik dituzten prozesuek. Testuinguru horretan kokatu ditu azken asteetan agiriak aurkezteko izan diren langile-ilarak. "Prozesuek epe batzuk bazituzten eta errespetatu egin behar dira, segurtasunagatik, guztion hobe beharrerako", esan du.