Itxi

Faktoria

UNAI ABERASTURI

"Gero eta kontzienteagoak gara partekatzen ditugun edukiekin, baina hala ere ez dugu zorrotz jokatzen"

Eider Aranberri | EITB Media

Datuen Babeserako Euskal Agentziako zuzendariak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n iragarri du Euskadiko datuen babeserako lege berria urtea amaitu aurretik onartu asmo dutela, eta lege garrantzitsua izango dela "Estatuko legedira moldatzeaz gain, bere jarduera eremua zabalduko delako".

  • Unai Aberasturi

    Unai Aberasturi Datuen Babeserako Euskal Agentziako zuzendaria Legebiltzarrean.

    23:38 min
imagen player
imagen player
imagen player

Kargura iritsi berritan, Unai Aberasturi "Faktoria"ra etorri da Datuen Babeserako Agentziak datozen hilabeteetan izango dituen erronken berri ematera, eta, besteak beste iragarri du euskal lege berria urtea amaitu aurretik onartuko dela. "Gure legea oso zaharra da eta ezinbestekoa da arau berrietara moldatzea agentziak egun duen funtzio esparrua handituz".

Gainerakoan, ohartarazi du Aberasturik "gero eta kontzienteagoak" garela sarean partekatzen ditugun edukiekin. Horren adibide, urtetik urtera salaketak "handitzen" ari direla, batez ere, Osasun arloan, Ogasunaren eremuan edo bideo-zaintzari lotutakoetan.

Nolanahi ere, datuak babesterakoan ez da zorrotz jokatzen: "ezagutzen ez ditugun gauzak onartzen ditugu eta hor dago akatsa. Aplikazio berriak erabiltzerakoan geure buruari galdetu beharko genioke ea zentzua ote duen tresna berri hori erabiltzea. Hausnarketa egin behar da, eta erabili aurretik informatu. Aplikazioak jartzen dituen baldintzak onartzen ditugunean, baimena ematen diogu aplikazioaren jabeari gure datuen erabilera egiteko. Aurretik beraz, interesa jarri behar dugu gure datuekin zer gertatuko den jakiteko".

Erabiltzaileei zuzenduta, sentsibilizazioa eskatu die herritarrei, nahiz eta, askotan, gure bizi erritmoak "ezinezko" egiten duen klausula guztiak sakon irakurtzea.