Faktoria
Tarte berezia - Glifosatoa
Glifosatoaren debekua? Belar txarrak kentzeko substantzia polemikoa.
I. I. B. | EITb Media
Glifosatoa da "belar txarrak" kentzeko nekazaritzan erabiltzen diren herbiziden substantzia nagusietako bat, baina aditu askok osasunarentzat kaltegarria dela adierazia dute. Euskadi Irratiko Faktoria-n sektorea gertutik ezagutzen dutenekin hitz egin dugu.
-
Nekazaritza.
Nekazaritza eta lorezaintzan erabiltzen diren herbizidetan erabiltzen den substantzia da glifosatoa. Substantzia horren inguruko osasun-eztabaida zabaldu da. Osasunaren Mundu Erakundeak minbizi-eragile izan zitekeela ebatzi zuen 2015ean. Europako herrialdeek ebatzi behar dute beste 10 urterako baimendu ala ez.
Europako Batzordeak glifosatoarekin jarraitzea proposatu du, elikagaien segurtasunerako agentziak eta substantzia kimikoen agentziak ez dutelako arriskurik dagoenik ikusi.
Gurean, Nafarroa eta Araban erabiltzen da gehienbat. Gari, garagar edota arto soroetan; eta Araban, mahastietan ere asko erabiltzen da.
Euskadi Irratiko "Faktoria"n, Felipe Etxetxikia Nafarroako ENHEko ordezkariarekin eta Lorea Flores Hego Euskal Herriko Greenpeaceko arduradunarekin hitz egin dugu.
Nekazarien ordezkariak azaldu digu, apenas dagoela alternatiba merkerik metodo hori ordezkatzeko. Elkarte ekologistako ordezkariak substantziak izan ditzakeen ondorio kaltegarrien ondorioz, debekuaren alde agertu da.
Iñaki Goenaga ENBAko ordezkaria eta Esti Besa Candido Besa upategiko arduradunarekin ere hitz egin dugu.