Itxi

Faktoria

PENTSAMENDUA

Iñaki Zabaleta: "Bi estatutan banatutako nazio bat ikusi zuen Humboldtek Euskal Herrian"

jon Artano | EITb Media

"Euskal arazoa" dela eta Wilhem Von Humboldtengandik "ikasteko asko" dugula azpimarratzen du Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko irakasle eta ikerlariak. Horregatik idatzi du "Nazioa eta Hizkuntza Humboldten pentsamenduan" liburua.

  • Gorrotxategi, Miramonen

    Gorrotxategi, Miramonen

    22:52 min
imagen player
imagen player
imagen player

"Nazio" kontzeptuaz hausnartzea beharrezkoa dela dio Iñaki zabaleta Gorrotxategi ikerlariak. "Ez dakit nekea den, edo lotsa den, edo beldurra den, edo erosotasuna den... baina uste dut ez dela komeni nazioari lotutako eztabaida baztertzea, oso lotuta dago-eta gero planteatu daitezkeen giza eskubide kolektiboekin".

"Terapia" modukoa da EHUko filosofia saileko irakaslearentzat Humboldten pentsamenduan murgiltzea, "gaurko eta etorkizuneko Euskal Herria ulertzeko lagungarri" baitzaio. Humboldt ikertzen ia hiru hamarkada daramatza Usurbilen bizi den ikerlari donostiarrak, eta hainbat gogoeta utzi ditu Euskadi Irratiko estudio nagusian egin dioten elkarrizketan. Honatx horietarik batzuk: 

"Hizkuntzak barru-barrutik lotzen ditu gizakiak eta Humboldtek ekarritako egia hori ez da aldatu, ez aldatuko ere".

"Txillardegik, 1966an, Humboldtengana jotzen du haren espresio bat berreskuratuz: 'Hizkuntza da nazioaren arima'".

"Euskal Herriak hizkuntzaren garrantziaren kontzientzia eman zion Humboldti, nazioa ulertzeko gakoa; Humboldtek Euskal Herriari txikitasunarekin lotutako konplexuak gainditzeko aukera eman zion".

Eta gogoeta bat elkarrizketaren ginga: "Berrikuntzaren tiraniaren pean bizi garela esango nuke: badirudi zerbaitek ez duela balioa gaur-gaurkoa ez baldin bada. Eta neure buruari galdetzen diot: Zenbateraino du zerbaitek balioa, jakinda bihar zaharra izango dela? Eta, alde horretatik ere baliagarri zait Humboldt; ez da berritzaile fantastiko bat, baina betiko egiak jartzen dizkigu mahai gainean".