Faktoria
Tatuajeak eta linfomak
"The Lancet" aldizkariak ohartarazi du tatuajeek linfomak garatzeko arriskua areagotzen duela
EITB MEDIA
Cristel Nielsen Suediako Lund Unibertsitateko ikertzaileak ondorioztatu du linfoma gaiztoak garatzeko arriskua ehuneko 20 areagotzen dela tatuajeak dituztenen kasuetan.
-
Tatuajea
Cristel Nielsenek 2007. eta 2017. artean Suedian linfoma bat izan zuten pertsonen erregistroa aztertu zuen. Ikerketan, 20 eta 60 urte arteko ia 12.000 lagunek hartu zuten parte, eta tatuajea egoteak linforma gaiztoa garatzeko eragina ba ote duen aztertu ondoren, ondorioztatu du arriskua ehuneko 20 areagotzen dela. Ñabardura da ikerketak ez duela ziurtatzen tatuajeak minbizia eragiten duenik, baizik eta arriskua areagotzen duela.
Baina, nola eragiten diote tatuajeek sistema-linfatikoari? ba tatuajeen tintak substantzia kimiko kantzerigenoak ditu, hala nola amina aromatiko primarioak, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak eta metalak. Arazoa da tatuaje-prozesuak erantzun immunologikoa eragiten duela gure gorputzean; tinta gorputzean sartu eta gorputzarentzat elementu arrotza izateaz gain, hainbat elementu toxiko ditu. Orduan, gorputzak elementu horien kontra borroka egiten du, birus eta bakterien kontra borrakatzen duen bezala. Larruazaletik hartu, eta ganglioetara eramaten du, kanporatzeko asmoz. Beraz, tatuajearen tinta, injekzioa jartzen den tokitik, gorputzeko beste lekuetara zabaltzen da, eta baieztatuta dago tatuaje-pigmentua nodulo linfatikoetara iristen dela.
Hortaz, Suediako ikerketaren aurkikuntzak iradokitzen du tatuajea linfoma gaiztoa izateko arrisku handiagoarekin lotuta dagoela. Horregatik, ikerketa epidemiologiko gehiago egiteko beharra azpimarratzen du Cristel Nielsenek, hala tatuajeek sistema linfatikoko minbiziarekin harreman zuzena duten jakin ahal izateko.