Faktoria
Ogasun eta Finantza sailburua
Noël D'Anjou: "Ez dugu sakoneko zerga erreformarik espero behar"
Ogasun eta finantza sailburuak aitortu du "barne lanean" ari direla Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ogasunak lantzen ari diren zerga erreformak harmonizatzeko. Datorren urteko aurrekontuak iazkoak baino handiagoak izango direla aurreratu du, zenbat zehaztu gabe.
-
Noël D'Anjou
23:54 min
Noël D´Anjou Ogasun eta Finantza sailburua zuhur mintzatu da datorren urterako aurrekontuen negoziazioaz. Iazkoak 15 mila milioiko aurrekontuak izan ziren, aurten hori baino "pixka bat gehiago" izango dela esan du, zehaztu gabe zenbat. "Faktoria"n onartu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ogasunek mutualisten itzuli behar dizkieten 700 milioiak (urte batean baino gehiagotan), "kolpe latza" izan dela. Eta azpimarratu du behar-beharrezkoa dela zerga bilketaren emaitzak ezagutzea eta bereziki, Madrilgo gobernuak defizit muga eta gehieneko zorpetze maila zehaztea, agindu bezala urriaren 29an aurrekontu egitasmoa Legebiltzarrean aurkeztu ahal izateko.
Zerga erreformaz, foru ogasunekin harremanetan eta lanean ari direla esan du, "barne lanean, harmonizazioa lortzeko denak gaudelako konprometituta" baina neurri zehatzei buruz ezer aurreratu gabe. Hori bai, argi utzi du "ez dugula zerga erreforma sakonik espero behar".
Legealdiko helburuetako bat da ahalik eta zerga gehien hemendik arautzea eta aipatu du multinazionalei % 15eko zerga ezartzeko Europak kaleratu zuen zuzentaraua. Espainiako gobernuak arau hori estatuko fiskalitatera ekartzeko legea osatu behar duen honetan, aukera ikusten du zerga hori hemendik arautzeko eta uste du lortu litekeela.
Egoera geopolitikoaz azkenik, onartu du Ekialde Hurbileko gatazkak eragin zuzena izan dezakeela euskal enpresetan, batez ere beldurrak hainbat erabaki atzendu ditzakeelako, hala nola inbertsiotan. Baina zehaztu du, gaur gaurkoz, petrolioaren prezioa iazko epe berarekin alderatuta, % 17 azpitik dagoela oraindik.