Gertukoak
Artzain gazteak
Artzaintzak etorkizuna bermatua du Baztanen
ARITZ AGIRRE | EUSKADI IRRATIA
Euskal Herriko ofiziorik zaharrenetakoaren aldeko hautua egin dute 20 urtera iritsi ere egiten ez diren bost gazteek. Bokazioak eta ilusioak bultzatuta, artzai izatetik bizitzeko itxaropena dute.
-
Artzai gazteak
3:34 min
Bokazioak eta ilusioak eraman du ardien artera artzaien belaunaldi berria. Transhumantzia ahaztuta dute, ez dira jada ardiekin mendian bizi baina gurean ofiziorik zaharrena ez dela aldatu baieztatu dute Julen Elizetxe, Jon Ander Bengoetxea, Arkaitz Gamio, Manex Urrutia eta Julen Arburuak. Artzain eskolan trebatu dira guztiak eta ez lukete artaldea utziko zazpi orduko bulego lanaren truke.
Etxean ikasi dute guztiek ofizioa eta gurasoen lanari segida eman nahi izan diote. Artzaintzan zerotik hastea oso zaila dela onartzen dute, horretarako baliabideak behar direlako. Administrazioak oztopoak jarri eta laguntza gutxi eskaintzen dituela salatzen dute. Ahalegin handiagoa eskertuko lukete betiko ofizioak arriskuan jarrai ez dezan. Bestelako errealiatatea ikusten dute Ipar Euskal Herrian, Frantziako lege eta laguntzen babesean.
Oztopoak oztopo, artzantzatik bizitzeko itxaropena eta sinismena dute. Ardi-esneaz gazta ona egiteko egiten ikastea da bost gazte baztandar hauen erronka nagusia.