Gertukoak
Memoria Historikoa,Iruñea
Eta Erorien Monumentu frankistarekin, zer?
Euskadi Irratia/Aritz Agirre
El Escorialeko Erorien Haranaren ondoren, monumentu frankistarik handiena da Iruñekoa. Bere etorkizunaz eztabaida publikoa zabaldu du Udalak: eraistea, esanahia aldatzea edo hirigintza plan berria.
-
Iruñeko Erorien Monumentu Frankista. Argazkia: EFE / Jesús Diges
4:18 min
1936ko estatu kolpea goratu eta soilik bando frankistaren hildakoak omentzen ditu Iruñeko Erorien Monumentuak. Iruñeko erdigunean, bigarren zabalgunean dago kokatuta, hiriburuaren hegoaldeko hedapenaren atarian. Horrekin zer egin erabakitzeko gogoeta prozesua sustatu du Iruñeko Udalak baina memoriaren aldeko elkarteen artean ere ez dago ahots bateraturik eraikin honen etorkizunaz. Nafarroako Fusilatuen Senideen elkartea eta Txinparta kolektiboa eraikina eraistearen aldekoak dira, Frankismoaren biktimei eginiko iseka eta umiliazioa dela uste dutelako. Aldiz, Bideko Mitxingorria Plataformak eztabaida sakonagoa eskatu du Memoriaren aldeko proiektu komuna osatu ahal izateko.
Orohar, gogoeta prozesu honetan parte hartu duten adituak ez dira erakina botatzearen aldekoak. Olivia Muñoz-Rojas Soziologian doktoreak Memoriaren Ikerketarako Nazioarteko Zentrua jarriko luke eraikin horretan Erorien Monumentuari esannahia erabat aldatuz, irauliz. Bartzelonako MBM estudioko arkitektuak, Oriol Capdevillak, hirigintza proiektu berri bat osatuko luke inguru osoan, bizilagunen beharrei erantzun eta gizartearen ondare berria izan dadin. Hain zuzen ere, Joseba Asiron Iruñeko alkateak ingurune osoaren biziberritzeari buruzko eztabaida sustatu nahi du, Erorien Monumentua dagoen gune horretan ez dagoelako inongo bizitza sozialik, ezta merkataritza gunerik, hiriburuaren erdigunean izanagatik ere.
Gerra Zibilaren ondoren eraiki zuten Iruñeko Erorien Monumentua, 1942. urtean erregimen frankistak aginduta. Arkitektura hotz eta soila duen eraikina da, klasizismo garaiko jauregiak eta erromatar inperioko zenbait azpiegitura imitatu nahian sortu zutena. Barruko Kupularen margolanak Frankismoari egiten dio gorazarre eta Frankok bultzatutako batasun militarra eta erlijiosoa elkarren eskutik irudikatzen ditu. Bere barruko kriptan lurperatu zituzten Emilio Mola eta José Sanjurjo general frankisten gorpuak, 2016. urtean Iruñeko Udalak, aldaketaren aldeko egungo udal gobernuak, beren gorpuzkinak bertatik atera zituen arte.