Goiz kronika asteburua
ELKARRIZKETA - MAIATZAK 1
Angel Toña: "Lana eta enplegua bereizi, eta lanari zentzua eman behar zaio"
ENERITZ GORROTXATEGI | EITB MEDIA
Deustuko unibertsitateko irakaslea da egun Angel Toña eta lanaren "kontzeptu aldaketan" jarri du azpimarra bere azken gogoetan. Lana eta enplegua ez direla berdinak esan du.
-
Angel Toña, Deustuko unibertsitateko irakaslea
9:10 min
Lanaren nazioarteko egun honetan, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Lan sailburu ohiak "Goiz Kronika"n "lana eta enplegua bereizi" egin behar direla adierazi du. Toñaren aburuz, "etxeko lanak derrigorrezkoak dira, ez dira ordaintzen, eta beste enplegu batzuk ez dute ezertarako balio eta oso ordaintzen dira". Honenbestez, "logika guztia apurtu" dela eta "benetako lana prekarizatu" dela nabarmendu du.
Orain 50 edo 80 urte ekonomiaren etengabeko hazkundearekin gertatuko zena zer izan zitekeen aurreikusten bazen ere, ideia hori egun "ez dela posible" dio, "askorentzat zerbait izatea beharko bailuke" eta guk "ezberdintasuna handitu" egin dugula adierazi baitu.
Gallup etxearen ikerketa baten arabera, Europan langileen % 10 da soilik bere lanean inplikatuta sentitzen dena, baina Toñak esan du "langileen % 20" dela "aktiboki ez konprometitu gisa" azaltzen dena. Hori aldatzeko, "enpresaren ildoa" da gakoa Toñarentzat, ezin baita betirako enpresa gisa ulertutako hori. Beste era batera esan du "artzainak baino lorezainak behar direla gehiago". Alegia, "lorezainak behar dira, loreak lurretik ateratzen dira, artzainek berriz artaldea leku batetik bestera eramaten dute, bihotzak nahi duen lekura eramanez". Enpresek, ordea, ezin dute modu horretara jokatu.
Pandemiaren egoerarekin, berriz, jabetzen da "momentu eta une honetan jendea askok sufritzen duela", baina aurrera begira egoera nola ikusten duen galdetuta, "transtsizio ekologikoari serioski helduz gero, gure planeta maite eta zainduz, botere ekonomikoak kontrolatu demokrazia erradikal baten barruan eta desberdintasunak txikituz eta pobrezia murriztuta", egoera xamurtzea etor daitekeela. Ildo horretan, "garrantzitsuena, munduko herritar guztiei diru sarrerak bermatzea" litzatekeela ere gaineratu du, gisa honetan, "lanari zentzua ematea" lortuko dugula erantsiz amaitu du elkarrizketa lan sailburu izandakoak.