Goiz kronika asteburua
ELKARRIZKETA
Arnas Dezagun elkartea: "Etxetik euskara dakarten haurrak ez sakabanatzeko eskatzen dugu"
Eneritz Gorrotxategi | EITB MEDIA
Eremu erdaldunetan diharduen guraso taldea da "Arnas dezagun" eta salatu dutenez "gune horietako D ereduko itunpeko ikastetxeetan zein publikoetan ohiko politika da euskara etxetik dakarten haurrak sakabanatzea". Kolektibo honen arabera, "erabaki horrek ez du nahi den ondorioa bideratzen".
-
Haurrak, eskolako gelan
8:34 min
"Arnas dezagun" guraso taldeak, erdara nagusi den eremuetako D ereduko ikastetxeetan, haur euskaldunek bizi duten errealitatea azalarazi digu Euskadi Irratiko "Goiz Kronika"n. Mitxel Elortza bozeramaileak etxetik euskara dakarten haurrak "ez sakabanatzeko" eskatu du: sakabanatuz gero, "gaztelera nagusitu eta ingurua ez baita euskalduntzen". Beraz, benetako arnas-gune funtzionalak izan daitezen, ama hizkuntza gaztelera edota frantsesa ez duten haurrekin elkartzea proposatzen dute, hauek euskalduntzea erraztu dadin.
Erdara nagusi den eremuetako D ereduko ikastetxe publiko zein itunpekoetan "ohiko jokamoldea" dela salatu du baina erabaki horrek ez du, talde honen aburuz, ingurua euskalduntzea bideratzen.
"Arnas dezagun" taldearen proposamena entzunda, norbaitek segregazoia sustatzen ari direla irizten badio, Elortzak argitu du "segregazioa euskararen normalizaziorako ere oztopo handia dela". Horregatik hori konpontzeko "inklusioa eta aniztasuna kontuan hartuta eta euskara ardatz duen irtenbidea" proposatzen dute: "Ama hizkuntza gaztelera edota frantsesa ez duten haurrak arnasgune horietan ere sartzea lehenestea". Gaineratu duenez "testuingurua euskalduna denean jatorri atzerritarra duten ikasleak askoz hobeto integratzen direla eta erabilpena izugarri bultzatzen dutela. Haur horiek arnasugneen motore izatea" nahi dute, azpimarratuz "integrazioaren aldeko apustu honetan eurak ere giltzarri izan daitezkeela". Zentzu horretan, nabarmendu du "baliabideak etxetik gaztelania dakarten haur horiei bideratu behar zaikiela"
Elortzak Euskadi Irratiko Goiz Kronikan esan duenez "orain arte hainbat eragile sozialekin elkartu" dira eta azaroaren 27an, Bilbon manifestuaren aurkezpena, jasotako atxikimenduak eta prestatu duten "babes kanpaina" aurkeztuko dituzte.