Itxi

Goiz kronika asteburua

Banketxeak

Dirua atera nahi, baina norbere herrian ezin

Unai Urrreaga | IETB Media

Kutxazain eta banketxerik ez duten 61 herri daude EAEn eta 144 Nafarroan. Gatika, Barrundia eta Bidania-Goiatzeko adibideak bildu ditugu.

  • Bi pertsona, dirua ateratzen

    Bi pertsona, dirua ateratzen

    6:52 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ez banketxe, ez kutxazain ez duten herri gehienak 500 biztanletik beherakoak dira, baina badira salbuespenak.

Gipuzkoako bihotzean, Bidania-Goiatz horietako bat. 500 lagun pasatxo bizi dira. Gari Lasarena da herriko harategi eta denda bakarra. "Herri txikiek ere laguntza behar izaten dute, dauden gauzak kentzen hasten badira, jendea nazkatu egiten da, eta alde egiten du". Bizi duten egoera ez dela erosoa kontatu digu, batez ere adineko pertsonentzat.

Ia mila biztanle ditu Barrundiak, Arabako Lautadan. Nagore Beltran de Herediak herriko taberna kudeatzen du eta zinegotzia ere bada. "Taberna, botika eta ekonomatoa dauzkagu. Ordaintzeko dirua behar den zerbitzuak dauzkagu, baina diru hori nondik atera ez daukagu udalerrian. Herri txikietan ere dirua behar dugu, guztiok bezala".

Gatikak 1650 biztanle inguru ditu, eta urte asko daramatzate bulego gabe. Onintze Amezaga da Uribe Kostako udalerriko alkatea. Ez dute galdu itxaropena, eta lanean jarraitzen dute. "Udalaren lokal bat badaukagu eta espero dugu bertan kutxazain bat jartzea lortzea. Baina oso zaila da. Inoiz ez baduzu eduki zerbitzua ez duzu faltan botatzen. Jendea haserre dago bankuekin, ikusten dutelako zerbitzuak murrizten ari direla".

Kutxabankek badu Araban zerbitzua eskaintzen duen autobus bat, baina ez da Barrundiara iristen. Leire Argote bulego mugikor horretako langilea da. "13 herritan eskaintzen da zerbitzua, adibidez Samaniegon, Lezan, Gopegin... Pertsona nagusiak izaten dira zerbitzua erabiltzen duten gehienak eta gustatzen zaie zu han egotea".

Kutxabanketik diote, alde batetik 65 urtetik gorako bezeroei leihatilako arreta hobetu eta sendotzeko urratsak ematen ari direla, eta bestetik, Euskadiko herri txikietan presentzia duen finantza erakunde ia bakarra dela.