Itxi

Goiz kronika asteburua

Pentsiodunak

"Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua beharrezko tresna bihurtu da adinekoen bizi baldintzak hobetzeko"

Unai Urreaga | EiTB Media

Bost urte dira astero kalera ateratzen hasi zirela. Lorpenak ospatu bai baina borrokan jarraituko dutela azaldu digu Ana Mezo Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko kideak.

  • Pentsiodunen manifestazio bat

    Pentsiodunen manifestazio bat

    8:49 min
imagen player
imagen player
imagen player

Pentsioak KPI-aren pare igotzea eta bizi itxaropena handitu ahala, hasierako pentsioa txikitzen zuen jasangarritasun faktorea indargabetzea. Horiek azpimarratzen dituzte pentsiodunek, urteotako lorpen gisa. Baina oraindik borrokan jarraitu beharra dagoela diote. Gutxineko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadila eskatzen dute.

Julen Bollainek zilegi ikusten du eskaera hori, baina horretarako ehun produktiboan aldaketak egin beharko liratekeela uste du. "Soldata hobeak behar ditugu. Pentsioak langileek kotizatzen dutenarekin ordaintzen dira. Gaur egun daukagun lan merkatu prekarioarekin eta soldata txikiekin, oso zaila da asko kotizatzea pentsio guztiak ordaintzeko". Ekonomialaria, garapenari buruzko ikasketetan doktorea eta Mondragon unibertsitateko irakaslea da Bollain.

Pentsiodunek berriz, diru osagarriak eskatzen dizkiete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Izan ere, KPI-aren igoerarekin, Euskadin pentsio kontributiboen bataz bestekoa 1.472 eurora iritsi da. Baina pentsioen % 48 ez dira 1.000 eurora iristen. Emakume askoren kasua dela esan digu hori Ana Mezo Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko kideak: "Ezin dute bizi, ez zaielako iristen beraien pentsioa, hileroko gastuak ordaintzeko. Jendea oso txarto dago".

Egungo pentsio sistema publikoa bideragarria dela diote bai Mezok , baita Bollainek ere. Etorkizun hurbilera begira, berriz, ikuskizun zer gertatuko den Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroaren proposamenarekin: Pentsioak kalkulatzeko azken 25 urteak beharrean, azken 30ak kontuan izatea. Hori bai, langile bakoitzak bi kanpoan utzi eta nahi dituen 28ak aukeratzeko modua izango luke. Proposamen hau kalterako izango dela uste du Bollainek: "Pentsio baxuagoak eta pentsiodunen erosahalmenaren galera ekarriko luke".