Goizak gaur
San Sebastian gauean
26.000 euroko ordaina San Telmori, ertzain baten tiroak artelan bat zulatu zuelako
San Sebastian gauean izan zen gertakaria. Jose Maria Sert margolariaren artelan batean sortu zituen kalteak tiroak, eta Segurtasun sailak ia 26 milioi euroko kalte-ordaina eman dio museoari.
-
San Telmo museoa
2:16 min
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak ia 26 mila euroko kalte-ordaina eman dio Donostiako San Telmo museoari, orain jakin bada ere, aurtengo San Sebastian gauean izandako gertakari batengatik. Ertzaintzak museoko elizan antolatu zuen gau hartarako dispositiboa eta lanak bukatuta etxera zihoala, ertzain bati eskopeta tiroak ihes egin zion. Ez zen inor zauritu, baina Jose Maria Sert margolariaren aurreko mendearen hasierako margo nagusia zulatu zuen. Hamar zentimetro koadroko zuloa egin zion, hain zuzen, margolari kataluniarrak Parisen margotu eta San Telmora ekarritako mihise handiari.
Txostenak egin ziren eta kalte ordaina eskatu zuen museoak: alde batetik 6 mila euro, margoa zaharberritu eta bere onera ekartzeko. Bestetik 20 mila euro, margoari egin zaion kalte konponezina orekatzeko: bisitaria ez da konturatuko, baina tiroaren orbana hor dagoela adierazi du Euskadi Irratiko "Goizak Gaur" albistegian Susana Soto San Telmo museoaren zuzendariak.
Sertek San Telmoko elizarako egindako lan erraldoiak zenbat balio duen ez dago zehatz jakiterik Sotok jakinarazi duenez, baina museoak eta Espainiako kultura ministerioak milioi bat euroan kalkulatu dute balio hori baina.
Museoko arduradunen esanetan, zaharberritze lana bikain egin dute teknikariek, eta pozik daude horregatik. Gainera, Woody Allenek Donostian egindako Rifkin's festival film ospetsuan ere ageri da.