Hitza Jolas
Bertsolaritza
Xabier Sukia Txapelketa Nagusiko finalerdietan murgilduko da asteburuan
EUSKADI IRRATIA
Larunbatean Bastidan jokatuko den Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko lehen finalerdian izango da Sukia, eta sare sozialetan emango du zuzenean hango berri.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aurrera doa. Larunbatean jokatuko da lehen finalerdia Bastidan. Bertan izango da Xabier Sukia lankidea, eta zuzenean egingo du saioaren jarraipena sare sozialetan. Gainera, eitb.eus-en 'Bertsobloga' atala osatuko du, bideo bidez, saio bakoitzaren analisia eginez. Igandean ikusiko dugu lehenengoa, saioaren biharamunean.
Bestalde, saioan gertatutakoa luze eta zabal entzungo dugu 'Hitza Jolas' saioan. Are gehiago, aurrerantzean, bi hitzordu izango ditu astero entzuleak Euskadi Irratiak bertsolaritzari eskaintzen dion tartearekin. Ohikoa, igandeetan izango da, orain arte bezala, 14:00etan. Baina txapelketak irauten duen bitartean, astelehenero, 21:00etan, 'Hitza Jolas' saioaren edizio berezi bat izango da, asteburuko saioen errepaso patxadatsua egin ahal izateko.
Euskadi Irratiko WhatsApp bidezko Kopla Lehiaketa
Duela lau urte bezala, aurten ere, Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin bat eginez, Euskadi Irratiak abian jarriko du, urriaren 30ean, WhatsApp bidezko Kopla Lehiaketa. Duela lau urte izandako arrakasta ikusita, aurten ere irratian entzuleak animatu nahi ditu WhatsApp bidez koplak bidaltzera. Saria ez da nolanahikoa izango: asteburu-pasa eder bat Bilbon, abenduaren 17an Barakaldon jokatuko den final handirako bi sarrera, barne.
Finalerako sarreren zozketak
Izan ere, final handirako txartelak agortu diren honetan, Euskadi Irratian eta eitb.eus-en sarrerak lortzeko aukera izango da. Adi-adi egon!