Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Felix Zubia: "Ez dut baztertzen erabateko itxialdi baten atarian egotea"

ANDER ALTUNA | EUSKADI IRRATIA

Herritarren jarrerarekin haserre agertu da Donostiako ZIUko medikua: "Ikusi da ez daukagula herri pentsamendurik, ez daukagula elkar zaintzearen pentsamendurik, eta debekua besterik ez da geratzen".

  • Ume bat, konfinatuta

    Felix Zubia Donostiako Ospitaleko medikua ETBren artxiboko irudian.

    27:36 min
imagen player
imagen player
imagen player

Datuen ekaitzaren erdian, analisi eta gogoetarako tartea ere izan du gaur Felix Zubia Donostia ospitaleko zainketa intentsiboetako medikuak Euskadi Irratian. Ohartarazi du egoera "beltza" dela, zainketa intentsiboetako gelak "betetzen" ari direla eta guzti honen atzetik "bigarren konfinamendu orokorra" etor daitekeela. Horregatik "neurriak betetzearen garrantzia" azpimarratu du, "agintarien zain egon gabe".

Bigarren itxialdia saihestezina ote den galdetuta, Felix Zubiak dio "gaitzaren atzetik" goazela, eta "elkar zaintzearen pentsamendurik" ez dugula: "Beste erremediorik ez dagoela eta beste itxialdi batera goazela adierazten duten datuak ditugu. Nik ez nuke hori pentsatu nahi, baina neurri gogorrak hartu behar ditugu. Ikusi da aholkuei ez diegula zoritxarrez jaramonik egiten, ez daukagula herri pentsamendurik, ez daukagula elkar zaintzearen pentsamendurik, eta debekua besterik ez da geratzen, aholkuak geuk baztertu ditugulako".

Gaitzaren atzetik goazela uste du ZIUko medikuak eta egoera honetan "neurri gogorrak" hartu behar ditugula: "Mundu guztia jabetzen ari da kutsatzeei goia jotzen uzten badiegu berandu izan litekeela geldiarazteko, zeren hurrengo kasu biderketa handiagoa izan daiteke. Nik uste dut muga-mugan gaudela edo muga gainditua dugula, eta neurri zorrotzen garaia dela".

Birusa azkar hedatzen ari delako adierazle garbia ospitaleetako betetze maila da, eta Zubiak zainketa intentsiboetan jarri du arreta: "Guk nahiko aste iluna espero genuen, aste honetan kasu gehiago etortzea espero genuen, eta etorri zaizkigu. Atzoko datuak aipatuta, gure unitateak 47 ohe baldin baditu, 45 beteak genituen eta erdiak baino gehiago koronabirusak eraginda. Bestelako gaixoak ere badira eta denentzat tokia bilatu behar da. Estu gabiltza, ohe gehiago jar ditzakegu ospitaleko beste toki batzuetan, baina kaleko zenbakiek ez gaituzte batere lasaitzen, badakigu zer datorren".

"Geroz eta estuago" daudela gaineratu du Zubiak. Horregatik, gutako bakoitzak babes neurriak hartzeko eskatu du, beste behin, agintariei begira egon gabe: "Familia unitateak elkarrekin nahastea debekatuz gero, etxe bakoitzean polizia bat izango al da? Ezinezkoa da. Orduan, edo benetan denok kontzientzia hartzen dugu edo ez dut baztertzen erabateko itxialdi baten atarian egotea".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.