Irratia
Udako programazioa
Udako programazioa, EiTBko irratietan
A.E.|EiTB
Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta Gazteak uda giroko edukiak izango dituzte. Kirola, aktualitatea eta entretenimendua izango dituzte ardatz.
-
Radio Euskadiko kontrol mahaia
Uztailaren 3tik aurrera jarriko dute abian EiTBko irratiek udako programazioa. Egun horretan hasiko dira irratsaio berri eta uda giroko edukiak Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta Gaztean.
Egunez eguneko informazioa gertutik jarraitzeaz gain, kirolei, jaiei eta kultur ekitaldiei arreta berezia eskainiko diete hilabete hauetan.
Irrati arteko elkarlana ere aipagarria izango da uda honetan. Hartara, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak elkarrekin bi irratsaio egingo dituzte. Iaz hasi zen asteburutako, 'Por la Sombra' izenekoari segida emango diote, eta, aurten, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 12:00etara, magazin berri bera estreinatuko dute: 'Entre Calles' izenekoa.
Euskadi Irratiak 'Faktoria' markari eutsiko dio goizetan astelehenetik ostiralera. Albistegia, 07:00etan hasiko da, eta magazina 09:00etatik 12:00etara izango da. 'Blai' saioak hartuko dio lekukoa. Klasiko bat bihurtu da ia Euskadi Irratiko programazioan 'Blai' irratsaioa: jaiak hondartzak eta beste kontu freskagarri batzuez osatutako ordubeteko tartea izango da.
Arratsaldea, 'Bihotzeko Fonoteka'rekin hasiko da. Bertan, pertsonaia ezagun batek bere bizitzan bereziak izan diren 10 abestien gainean hitz egingo du egunero. Ondoren, uztailean, 'Mezularia' albistegia eskainiko da. Abuztuan, 'Negua Joan Da eta…' magazinak hartuko dio lekukoa. 'Egunak Gaur' albistegia izango da ondoren.
Iluntzeetan, France Bleurekin elkarlanean egindako 'Zubiak' saioaren eta olerkiari eskainitako 'Lizardiren Baratza' saioaren errepikapenak izango dira.
Asteburuetan, goizez 'Amarauna', eta eguerdi eta arratsean kirol emankizunak izango dira nagusi. Kirolari dagokionez, Tourraz eta Vueltaz gain, arraun emanaldiek tarte handia izango dute udako programazioan. Igande arratsaldetan, gainera, 'Sarean' saio berria estreinatuko dugu. Ingurune digitala ardatz, kultura eta musika lagun izango ditu, PuntuEUS Fundazioarekin elkarlanean, Leire Palaciosek gidatuta.
'Boulevard' saioaren albistegi tarteak goizeko aktualitatea ekarriko du, eta, ondoren, 10:00etatik 12:00etara, 'Entre Calles' magazin berria eskainiko da, Radio Vitoriarekin indarrak batuz. Eguerdian, 'No Hagan Olas' ordubeteko saio arin eta freskagarria izango da entzungai.
Arratsaldean, 'Graffitik' ez du oporrik hartuko, baina solaskideak berrituko ditu, eta uda giroko gaiak izango ditu ardatz. 'La Mecánica del Caracol'ek ere bere tarteari eutsiko dio.
20:00tan, halaber, 'Ganbara' albiste irratsaioak badakar berrikuntzarik, honakoa: 21:00etatik 22:00etara, EHUren udako Ikastaroei lekua egingo die egunero.
23:00etan, 'El Tercer Tiempo' kirol saioaren txanda izango da, eta 23:30ean, urtean zehar 'Más Que Palabras' saioan Almudena Cachok egindako elkarrizketen aukeraketa emango da.
Larunbat eta igande goizetan, esan bezala 'Por la Sombra' magazinaren txanda izango da goizeko 09:00etatik aurrera. Kirolak, txirrindularitzak, arraunak eta euskal taldeen futbol aurre denboraldiak ere leku garrantzitsua beteko dute Radio Euskadiren programazioan.
Radio Vitoriak jarraipen berezia egingo die udako ekitaldi eta jaiei. Batetik, leiho bereziak zabalduko dira Gasteizko Jazzaldiari merezi duen jarraipena emateko. Andre Maria Zuriaren jaietako ekitaldietan, berriz, kaletik bertatik, jai gunearen muinetik, hedatuko ditu uhinak irrati arabarrak.
'Prime Time' albistegi goiztiarrak, 'El Mirador' eguneroko magazinak, 'Cinco Minutos Más' entretenimendu eta musika saioak, eta 'Araba Gaur' albistegiak ez dute hutsik egingo uda guztian, astebarruko programazioan.
Asteburuan, berriz, larunbat eta igande goizeko magazin berriaz gainera, arratsaldeetan hainbat musika saio tematikoez osatuko da programazioa: 'Ma No Troppo', 'Opera On' eta 'Al Son de la Música', esate baterako.
Udako ukitua dakar Gazteak ere. Musika ona eta entretenimendu izango ditu ardatz programazioak. 'Dida' irratsaioa 'Dida Fresh' bilakatuko da eta arratsaldeko 'Gaztea Box' 'Gaztea Box Uda'. Larunbat goizetan 'Top Gaztea' eta arratsaldeetan, larunbat eta igandean, 'Be Positive' irratsaioa izango dira entzungai.
Horrez gain, udako jaietan presente egongo da Gaztea, eta, nola ez, musika jaialdiei arreta berezia eskainiko die zuzeneko konexio eta tarte bereziekin, Bilbao BBK Liven, kasu.