Itxi

Irratia

EiTBko irratiak

Bi programazio desberdin aukeran entzulearentzat, 'Plus' ekimenari esker

A.E.|EiTB

Kirol emankizunak edo bestelako saio bereziak dauden egunetan, horiekin bat egin edo ohiko programazioa entzunez jarraitu nahi duen aukeratu ahalko du entzuleak.

Azaroaren 2an jarriko da abian EiTB taldeko irratien 'Plus' ekimena. Berrikuntza honen helburua garbia da: orain arte, entzule asko kexu agertu izan da futbol partiduak eta halako emankizun bereziak dauden egunetan ez dutela gure irratien ohiko programazioa entzuteko aukerarik. Aurrerantzean, 'Plus' ekimen honi esker, entzuleak bi seinaleen artean aukeratu ahal izango du: edo ohiko programazioa entzun, edo kirol emanaldiarekin bat egin.

Ostegun honetan bertan, Europako Ligaren egutegiaren barruan, bi hitzordu garrantzitsu izango dituzte futbolzaleek: Athleticek Ostersunds taldearen kontrako partida izango du, eta Realak Vardarren aurkakoa. Bi norgehiagokak gaueko 21:00etan hasiko dira. Ordu horretan, gure irratien FM bidezko seinalean partida entzun ahal izango da orain arte bezala. eitb.eus orrialdera sartuta, berriz, bi seinaleak aukeran izango ditu entzuleak: ohiko streaming-ean partida bera entzun ahal izango du, baina hemendik aurrera, bigarren streaming seinale bat ere topatuko du ondo-ondoan. 'Plus' ikurra izango du bigarren horrek. 'Euskadi Irratia Plus' botoitxoa klikatzen duenak, 21:00etan, 'Zidorrean' musika saioa eta 22:00etan 'Ekosfera' tartea entzun ahalko ditu. 'Radio Euskadi Plus' izeneko seinalea aukeratzen duenak 'Ganbara' entzun ahal izango du.

Irrati ikasturte berriarekin batera agindutakoa betetzera dator 'Plus' ekimena: teknologia berriak errazten duen bidea probestuz, entzule desberdinen beharrei erantzun. Hori da konpromisoa. Aurrerantzean beraz, kirol emanaldi edo emankizun bereziren bat dagoen aldiro, eguneroko ohiturari eutsi ahalko dio entzuleak, horrela nahi izanez gero behintzat, web orrialdean 'Euskadi Irratia Plus' edo 'Radio Euskadi Plus' botoitxoak klikatuta.