Irratia
Euskadi Irratiak 30 urte
Imanol Cover lehiaketako finalisten kontzertua, igandean, Lugaritzen
A.A.
Euskadi Irratia
Euskadi Irratiak Imanol Oroituz taldearekin batera antolatutako sariketako irabazlea nor izango den jakingo dugu. Zatoz kontzertura! Sarreera doan da!
-
Imanol Cover, kontzertuaren aurkezpena
Euskadi Irratiak eta Imanol Oroituz taldeak antolatutako Imanol Cover lehiaketako finalisten kontzertua egingo da datorren igandean, azaroak 11, Donostiako Lugaritz kultur etxeko Imanol Lartzabal aretoan, arratsaldeko 19:00etan. Euskadi Irratiaren 30. urteurreneko ekitaldien barruan antolatutako sariketako irabazlearen izena bertan emango da jakitera.
Kontzertuaren aurkezpena ostegun honetan (azaroak 8) egin da Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldian, Euskadi Irratiko zuzendari Felipe Juaristirekin batera, Jon Aizpurua Donostia Kulturako Kultur Ekintzako zuzendaria eta Maite Berzosa Imanol Oroituz taldeko ordezkaria egon dira.
Abeslari donostiarra omentzeko asmoz antolatutako lehiaketa da Imanol Cover. Parte hartzaileek Imanolek kantatutako abestien bina bertsio aurkeztu zitzaketen, era librean. Guztira, 52 bildu dira. Kalitate handiko lanak izan dira, epaimahaiaren esanetan. 21 talde edo bakarlarik hartu dute parte: 9 bakarlarik, 6 bikotek eta 6 taldek hain zuzen ere.
Epaimahaia bost lagunek osatu dute: Felipe Juaristi Euskadi Irratiko zuzendariak, Mikel Markez kantari eta Euskadi Irratiko 'Kaja Beltza' saioko gidariak, Maider Segurola kazetari eta 'Mezularia' saioko gidariak, Arantxa Urretabizkaia idazle eta Imanol Oroituz taldeko kideak, eta Txema Garzes musikariak.
Euren erabakiz, finalerako sailkatu direnak hauek izan dira: Bidean Galduta; Ainara Ortega; El Beso de Klint; Lauburu; Xabier Artieda; Edorta eta Txas eta Estibaliz Olivares eta Olatz Goikoetxea.
Bestalde, eitb.com webgunearen bitartez, entzuleek euren abeslari gustukoena aukeratu dute. Edorta eta Botik bikotea sailkatu da lehenengo eta Arantza Salterain eta Pantxo Cruz bigarren.
Zazpi finalistek eta entzuleek saritutako biek zuzenean joko dute Lugaritzen egingo den kontzertuan. Ondoren, lehiaketako irabazlearen izena emango du jakitera epaimahaiak. Irabazleak 2.000 euroko saria eramango du eta entzuleen saridunak, berriz, 1.000 euro.
Imanol Cover lehiaketako finala Euskadi Irratiak eta ETBk grabatuko dute, aurrerago emititzeko.