Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Eusko Label Liga

Hondarribiak eraman du denboraldiko lehen estropada, Santurtzi oso gertu duela

eitb.eus

Ama Guadalupekoak denborarik onena egin du Coruñako Banderako lehen jardunaldian. Santurtzi bigarren izan da ia bi segundora.

  • Hondarribia arraunean, hirugarren txandan

    Hondarribia arraunean, hirugarren txandan. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Hondarribiak indartsu hasi du denboraldia, eta berak egin du denborarik onena Coruñako Banderako lehen jardunaldian. Hala ere, garaipen estua izan da gipuzkoarrena, Santurtzi (bigarren txandako onena) bi segundo baino gutxiagoko distantziara geratu baita.

Hondarribiak, hirugarren txandan, abantaila izan du, beste bien erreferentziak izan dituelako. Orio izan da onena lehenengoan, eta Santurtzi aise nagusitu da bigarrenean.

Lehen txandan, Orio, Donostiarra, Ares eta Ondarroa aritu dira. Hasi aurretik, minutu bateko isilunea gorde dute COVID-19aren ondorioz hildakoengatik.

San Nikolas ontzia (aurreko denboraldiko txapelduna) jaun eta jabe izan da lehen txandan, baina azken sailkapenean laugarren postuarekin konformatu behar izan du.

Bigarren txandan, Santurtzik aurrea hartu du, eta berak jarri du estropadaren erritmoa; aurkariek ezin izan diete bizkaitarrei jarraitu. Cabok minutu erdi gehiago behar izan du txanda amaitzeko, Lekittarra 33 segundora sartu da eta Zarautz 37ra.

Santurtziren denbora izan da hirugarren txandan aritu direnen erreferentzia: Urdaibai, Zierbena, Kaiku eta Hondarribia. Gipuzkoarrak nagusitu dira txanda honetan, bigarren izan den Urdaibairi 16 segundo aterata.

Ama Guadalupekoa ontziak ez du arazorik izan bere txandan nagusitzeko. Kaiku atzean geratu da hasieratik, eta Urdaibaik eta Zierbenak ezin izan diete berdeei jarraitu.

Gipuzkoarrak ez dira lehiatu atzetik zituen ontziekin, bigarren txandan nagusitu den Santurtzirekin baizik. Azkenean bi segundo baino gutxiagoko aldea izan da bien artean, eta lehia gogorra aurreikusten da igandean jokatuko den bigarren jardunaldirako. Denboraldiko lehen bandera dago jokoan.