Beste kirolak
Indianapolisen garaile
Efren Vazquez: 'Oso pozik nago, hemen ezin genuen kale egin'
Indianapoliseko Sari Nagusia irabazi ostean, oso pozik azaldu da pilotu bizkaitarra. Moto3 mailako sailkapen nagusian bigarren postuan dagoen arren, "garaipen honetaz gozatu" nahi du.
-
Efren Vazquez. Argazkia: EiTB
Efren Vazquezek garaipena lortu du Indianapoliseko Sari Nagusian eta Moto3 mailako lasterketaren ostean oso pozik azaldu da. "Oso pozik nago, hemen ezin genuen kale egin", esan du bilbotarrak.
Lasterketa oso gogorra izan da, eta ia arnasa hartu ezinda, hauxe adierazi du Efren Vazquezek: "Oso nekatuta nago, eta ezin dut azaldu nola sentitzen naizen. Lasterketa oso gogorra izan da. Fenatiren eta Millerren atzetik joan naizen itzulietan, ezin nituen aurreratu".
"Amaierarako hiru itzuli falta zirenean, oso adi egon naiz. Azken itzulian lehen postua eskuratu dut, eta argi neukan ezin nuela kale egin. Bizpahiru aldiz garaipena oso gertu izan dugu, baina lasterketa honetan ezin genuen huts egin", gaineratu du Efren Vazquezek.
Moto3 mailako Munduko Txapelketako sailkapen nagusiko bigarren postura igo da Efren garaipen honekin. Jack Miller liderrarengandik 21 puntura dagoen arren, lasai egon nahi du Efren Vazquezek: "Nahiago dut horretan ez pentsatu. Gaurko garaipenaz gozatu nahi dut".