Beste kirolak
Maiatzaren 26an jokatzekoa zen
Bertan behera geratu da Bilboko Triatloiaren zortzigarren edizioa
eitb.eus
Proba maiatzaren 26an jokatzekoa zen, eta antolatzaileek bertan behera utzi dute "2018an jasandako zailtasunen eta zalantzen ondorioz".
-
Parte-hartzaile bat, igeriketa proban. Argazkia: Efe.
Bilboko Triatloiak ez du aurten bere zortzigarren edizioa jokatuko, antolatzaileek prentsa-ohar baten bidez aditzera emandakoaren arabera.
Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, proba bertan behera uztea erabaki dute "2018an jasandako zailtasunen eta zalantzen ondorioz".
Urtarrilean, triatloia maiatzaren 26an jokatuko zela iragarri zuten, eta izena emateko epea abian jarri zen urtarrilaren 8an.
Prentsa oharraren amaieran esaten dutenez, "guretzat proba ez da bertan behera geratzen, atzeratu egiten da, birplanteamendu bat egiteko. Hausnarketarako geldialdia egiten ari gara, 2019an gure ametsa berriro gauzatzeko itxaropenarekin".
Iaz, eta itsasadarreko uretan jokatutako igeriketa probaren ondorioz hiru parte-hartzailek leptosterosiarekin kutsatu ostean, zalantza ugari sortu ziren probaren etorkizunaren inguruan.
Bukatzeko, antolatzaileek azpimarratu egin dute dagoeneko izen-ematea ordaindu dutenei dirua itzuliko dietela.