Beste kirolak
Maiatzaren 26an
Bilboko triatloia jokatu egingo da eta Bilboko Itsasadarrean izaten jarraituko du
Agentziak | Erredakzioa
2017ko edizioan, hiru parte-hartzailek leptospirosiak sortutako infekzioa izan zuten, aurreko urteetan arazorik izan ez zen arren.
-
Igeriketa probako parte-hartzaile bat. Argazkia: Efe.
Bilboko Triatloiko antolatzaileek lasterketa maiatzaren 26an jokatuko dela konfirmatu dute. Izena emateko epea astelehen honetan, urtarrilak 8, zabalduko da.
2017ko edizioko hiru parte-hartzailek leptospirosiak sortutako gaixotasuna hartu zuten. Aurten, zalantza guztiak uxatu dituzte eta triatloia jokatuko dela konfirmatu dute antolatzaileek, edizioa aurrera ateratzea "kostatu" egin den arren.
Lasterketak bi distantzia izaten jarraituko du, Olinpikoa eta Half, eta 1.000 parte-hartzaile baino gehiago espero dituzte.
Probak bere nortasunari eutsiko dio: igeriketa Bilboko Itsasadarrean izango da, Vivero bizikleta igoko dute eta korrika itsasadarreko bi ertzetatik egingo dute Areatzako helmugara iritsi arte.
Izena emateko epea urtarrilaren 8an zabalduko da, 12:00etan. Federatuta dauden kirolariek Euskadiko Federazioaren webgunean egin dezakete; lizentzia berritu gabe eta 2018an federatzeko asmoa dutenek, berriz, antolatzaileen webgunean eman behar dute izena.
Aurten eta Federazioaren egungo araudiaren ondorioz, federatuta egotea derrigorrezkoa da Bilboko triatloian parte hartzeko.