Beste kirolak
2 urterako
Goi mailako euskal kirola sustatzeko akordioa sinatu dute
eitb.eus
Basque Team Fundazioak, Athletic Clubek eta Eibar Kirol Elkarteak lankidetza akordio bat sinatu dute goi mailako euskal kirola sustatzeko
-
Basque Team, Athletic eta Eibar. Argazkia: EFE
Basque Team Fundazioak, Athletic Clubek eta Eibar Kirol Elkarteak lankidetza akordio bat sinatu dute goi mailako euskal kirola sustatzeko
Basque Team Fundazioak bi bidelagun berri izango ditu goi mailako euskal kirola babestu, sustatu eta hedatzeko bere helburuari begira: Athletic Club eta Eibar Kirol Elkartea. Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk 2007an sortu zuten Fundazio honek lankidetza akordio bat sinatu du bi entitateekin eta, horren arabera, entitate hauen laguntza ekonomikoa izango du bere helburuak lortzeko.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Aitor Elizegi Athletic Clubeko presidenteak eta Amaia Gorostiza Eibar Kirol Elkarteko presidenteak aurkeztu dute, goizean, hitzarmena.
Gaurko ekitaldian, halaber, Mailen Chorraut eta Ander Elosegi Basque Teameko kirolari olinpikoek bideo bat bidali dute, Australiatik, bekatutako kirolari guztien izenean esker ona helarazteko asmoz Athletic Clubi eta Eibarri.
Hitzarmenaren arabera, Athleticek 179.000 euro jarriko ditu urtero goi mailako euskal kirola sustatzeko eta Eibarrek 70.000 euro. Kopuru horiek talde bakoitzaren aurrekontua aintzat hartuta kalkulatu dira, eta ez dira aldatuko akordioak irauten duen bitartean. Hitzarmenak 2019ko urtarrilaren 1ean sartu ziren indarrean eta bi urteko iraupena izango dute (2020ko abenduaren 31ra arte), bi urteko epeetan luzatzeko aukera jaso delarik.