Itxi

Beste kirolak

Txapeldunen Liga

Bidasoak berdindu egin du Europan jokatu duen 100. partida

Erredakzioa

Bidasoa-Irunek 30-30eko emaitzarekin berdindu du Sporting Portugalen aurka jokatu duen Txapeldunen Ligako C multzoko laugarren jardunaldiko neurketa.

  • Sporting Portugal - Bidasoa Irun. Argazkia: EiTB

    Sporting Portugal - Bidasoa Irun partidako irudia. Argazkia: EiTB

Bidasoa-Irunek berdindu egin du Sporting Portugalen aurka (30-30) Lisboan jokatu duen Txapeldunen Ligako laugarren jardunaldiko partida. Horrenbestez, talde gipuzkoarrak C multzoko bigarren postuari eusten dio, lau jardunalditan hiru garaipen eta berdinketa bat erdietsita. Zazpi puntu ditu Bidasoak, eta Savehof da liderra zortzi punturekin.

Hasiera ona eman dio Bidasoak neurketari (2-4 eta 4-7), lehen zatiaren erdialdera iristean bost goleko abantaila (7-12) eskuratu duelarik. Ondorengo bost minutuetan ere nagusi izan da talde gipuzkoarra (9-14), baina lehen zatiko azken txanpan, neurketa estutzea lortu du Sportingek. Talde portugaldarra aldeak murrizten hasi da, eta gol bakarrera jarri da (14-15), atsedenaldira iristeko lau minutu falta zirenean. Gol bateko errentari eutsi, eta 16-17ko emaitzarekin heldu da neurketa atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran parekotasuna izan da nagusi. Sporting lehen zatiaren amaieran azaldu duen joko onaz baliatu da, eta Bidasoak lehiaren hasieran baino askoz gehiago sufritu du. Berdinketak bata bestearen ostetik etorri dira (20-20, 21-21, 22-22, 23-23, 24-24, 25-25, 26-26). Oso parekatuta egon da partida, baina Bidasoak hiru goleko abantaila lortu du, 20. minututik 23. minutura artean (26-29). Amaierarako bi minutu t’erdi geratzen zirenean, gol batera gerturatu da talde portugaldarra (29-30). Penalti jaurtiketa ere huts egin du Bidasoak neurketa amaitzeko bi minuturen faltan, eta Sportingek lehia berdindu du (30-30) penaltiz, amaierarako minutu t’erdi geratzen zenean. Denbora ia agortuta, falta jaurtiketa huts egin du Sportingek, eta berdinduta amaitu da norgehiagoka (30-30).

Fitxa teknikoa:

30 – Sporting (16+14): Cudic (a), Veitia (6), Ruesga (5), Carol (4), Bingo (1), Ghionea (7, 7 p.), Frade –hasierako taldea–, Vieira (3), Rocha (3), Carneiro, Van-Zeller (p.s), Tavares, Gaspar (o.a.), Mladenovic eta Nikcevic (1).

30 – Bidasoa-Irun (17+13): Rangel (a), Zabala (3), E. Salinas (4), Mancisidor (1), R. Salinas (8, 1 p.), Tesoriere, Da Silva –hasierako taldea–, Ledo (o.a.), Cavero (4), Orbovic, Crowley (1), Serrano (1), Renaud (6, 2 p.), Azkue (2), Nieto eta Seri.

Emaitzak bost minutuero: 2-4, 4-7, 6-11, 9-14, 13-15, 16-17 (atsedenaldia); 20-21, 23-22, 24-24, 26-26, 27-30 eta 30-30 (amaiera).

Epaileak: Gasmi eta Gasmi (Frantzia). Ghionea, Mladenovic eta Frade Sportingeko jokalariak egotzi dituzte, baita Tesoriere Bidasoako jokalaria.