Itxi

Beste kirolak

BOXEOA

Soria vs Gurria, Lejarraga vs Macias eta Nuñez vs Mostazo, larunbat honetan ETB1en

EITB.EUS

David 'Infierno' Soria nafarrak Espainiako superwelter txapelarengatik borrokatuko du Navarra Arenan, bere jendeaz inguratuta.

  • Soria Gurriarekin aurrez aurre. Argazkia: MGZ

    Soria Gurriarekin aurrez aurre. Argazkia: MGZ

MGZ Promotions enpresak hasiera indartsua iragarri zuen 2020rako, larunbat honetan Navarra Arenan ospatuko den boxeo emanaldiarekin. Ia sarrera guztiak saldu dira, baina joatea posible ez dutenek azken hiru boxeo-borrokaldiak ETB1en eta eitb.eus-en ikusteko aukera izango dute, 22:45etatik aurrera.

Borrokaldi nagusia David 'Infierno' Soriarena (8V-0D) izango da. Nafarrak Jose Clavero menderatu zuen, azaroaren 16an Anaitasunan borrokatu zuten Espainiako superwelter txapelaren kanporaketa ofizialean. Oraingoan Ezequiel Gurria (13V-0D) aragoitarrari egingo dio aurre, abenduaren 14an Espainiako txapela irabazi baitzuen.

Soriak bere ibilbide profesionalaren lehen titulua bere bigarren etxetik gertu lortzen saiatuko da, El Sadarren. Izan ere, 25 urteko nafarra txikitatik doa Osasuna animatzera eta emanaldiaren aurkezpena bertan izan zen, non David Garcia, Unai Garcia eta Kike Barja jokalariek elastiko gorria eman zioten. Soriak beraz, bere jende guztiaren babesa jasoko du eta animazioa bikaina izango da.

'Morgako errebolberra' (29, 24 KOs-2) berriz berragertuko da larunbat honetan Iruñean. Azaroaren 30ean, Kerman Lejarragak garaipena lortu zuen Anderson Claytonen aurka Bartzelonan egindako superwelter pisuko borrokaldian. Aurkaria KO utzi zuen lehen roundean. Oraingoan 'Changuito' Macias mexikarrarekin neurtuko da.

César 'Bam Bam' Núñezek (16-2-1, 8KO), bere aldetik, New Yorkeko Madison Square Gardenen borrokatu zuen azkenekoz eta Edgar Berlanga estatubatuarrak lehenengo roundean irabazi zion. Oraingoan Alejandro Mostazo izango du aurkari.

Ezin zen 'El Machito' Gago (22, 6 KO-3-3) falta. EBUk beste txapeldungai ofiziala izandatzeko zain dago Otxarkoagakoak eta bitartean beste batekin arituko da Nafarroako hiriburuan. Kanku Gymeko kickboxingeko Andres Unzue, Andoni Iglesias eta Mohamed Hamdi borrokalariek ere parte hartuko dute eta Ricardo Etxarte eta Maikon Lapa MMAn arituko dira, besteak beste.