Itxi

Beste kirolak

Bukatu da abentura

Alex Txikonek amaitutzat eman du Manaslurako espedizioa eta etxera itzuliko da

L.E.A. | EITB MEDIA

Lemoako alpinistak berak bere sare sozialetan iragarri du espedizioa bukatutzat ematen duela. "Dena batzeko eguna iritsi da... ManasluEki espedizioa bukatu da", idatzi du.

3:11
Alex Txikon

Alex Txikonek etxera itzultzeko erabakia hartu du, Manaslura igotzea ezinezkoa duela ikusi ostean. Lemoako alpinistak eta bere espedizioko kideek eguraldia noiz hobetu zain eman dituzte azken egunak, baina egoerak hobera eginten ez duela ikusita, eta bertan egoteko baimena gaur bertan agortzen zaiela kontuan izanda, abentura bertan behera utzi duela iragarri du sare sozialetan.

Taldeak atzo, otsailak 27, hasi zituen behe-kanpalekua batzeko lanak, eta gaur bertan, igandea, amaitu dute, baimenaren azken egunean.

Aurreko egunetan, Txikon, Gelum, Cheppal eta Namja bigarren kanpalekura igo dira bertan eta lehen kanpalekuan utzitako biltegiak hartzera. Txikonek azaldu duenez, "ezinezkoa izan da hirugarren kanpalekuko biltegietara iristea, elurra gerrira arte iristen da, haize handia dago... Ondo seinaleztatuta dago banbuekin eta, horrela, urrian bertara iristen direnek denda bat, esterillak, janari apur bat eta gasa aurkituko dituzte".

Horrela, Txikonek amaitutzat eman du 2020ko abenduaren 31n hasitako abentura, Simone Moro italiarrarekin, Zumarragako Iñaki Alvarezekin eta konfiantzazko beste kide batzuekin batera.

"Oso gertu egon gara, baina, azkenean, ezin izan dugu helburua lortu. Parte metereologikoek ez dute hobekuntzarik aurreikusten hurrengo 10 egunetarako, eta ondoren ere ez dakigu egoera zein izango den. Horrela oso arriskutsua da baimena luzatzea", azaldu du bizkaitarrak. Espedizioak Samagaunen pasako du gaua.

Guztira, bi hilabete inguru eman dituzte Manaslu inguruan eta birritan saiatu dira tontorreraino igotzen, baina elurrak eta haizeak helburua lortzea egotzi diete. Bizkaitarrak eskerrak eman dizkie denbora luze honetan babesa eta animoak bidali dizkioten guztiei.