Itxi

Beste kirolak

Errege Kopa, finalerdia

Bidasoa finaletik kanpo geratu da Ademar Leonekin galduta (30-26)

L.E.A. | EITB MEDIA

Jacobo Cuetararen taldea aurretik iritsi da atsedenaldira, 14-13, baina bigarren zatian ezin izan du ezer egin Leongoek erasoan erakutsitako nagusitasunaren aurrean.

  • Jon Azkue, partidako jokaldi batean

    Jon Azkue, partidako jokaldi batean. Argazkia: Efe.

Bidasoa Irun taldea Errege Kopako finaletik kanpo geratu da lehenengo finalerdian ABANCA Ademar Leonekin 26 eta 30 galduta.

Leoneko taldea bikain aritu da jokoaren arlo guztietan eta gipuzkoarrak, berriz, aldapan gora, baina inoiz amore eman gabe. Jon Azkueren jokaldiak eta Jose Manuel Sierra atezain bikainaren geldituek Bidasoaren aukerei eutsi diete azken minutuak arte.

Hasieran, baina, oreka izan da nagusi eta horren adibide lehen zatiaren erdi aldera markagailuan izan den zazpinakoa.

Baina berdintasun hori urratzen hasi da Dino Slavic atezain kroaziarraren ondorioz, bere geldiketek Leongo taldearen kontraeraso bortitzak hauspotu dituzte.

Atsedenaldirako bederatzi minuturen faltan, Leon lau gol aurretik jarri da Tin Lucinen tantoarui esker.

Baina gauzak zailen izan direnean Jose Manuel Sierra 43 urteko atezaina agertu da. Bost geldiketa egin ditu bata bestearen atzetik eta bere taldeari bultzada eman dio 6 eta 1eko partzialarekin markagailua irauli eta atsedenaldira gol bateko errentarekin iristeko (14-13).

Behin betiko aldea

Hala ere, Sierraren geldiketak ez dira nahikoa izan Ademarri eusteko. Gainera, Bidasoa Jon Azkue barik geratu da, momentu horretan erasoan min egiten ari zen bakarrenetarikoa, eta Ademar Leon 18-22 jarri da aurretik.

Jacobo Cuetararen taldea saiatu da, baina dena kontra izan du. Leonek, berriz, ondo eutsi dio markagailuko aldeari eta azkenean 26-30 gailendu da, finalerako txartela lortuz. Bidasoa Irunek, berriz, agur esan behar izan dio finala jokatzeko ametsari.

Fitxa teknikoa

26 - Bidasoa Irun: Sierra; Odriozola (2), Rodrigo Salinas (1), De la Salud (5, 4p), Azkue (6), Crowley (5) eta Aginagalde (2) -hasierako taldea- Ledo (ps), Cavero (1), Racotea (3), Zabala (-), Serrano (1), Tesoriere (-), Matheus Da Silva (-), Nieto (-) eta Bonanno (-).

30 - ABANCA Ademar Leon: Slavic; Gonzalo Pérez Arce (4, 1p), Feuchtmann (6, 3p), Donlin (-), Semedo (2), Lucin (6, 2p) eta Jaime Fernández (1) -hasierako taldea- Ghedbane (ps), Marchán (3), Natan Suárez (4), Martínez Camí (1), Gostovic (-), Antonio Martínez (-), Piechowski (-), Kisselev (-) eta Casqueiro (3).

Markagailua, bost minuturo: 3-3, 4-3, 7-7, 8-11, 12-13 y 14-13 (atsedenaldia); 16-17, 17-19, 18-21, 20-24, 22-26 y 26-30 (amaiera).