Itxi

Beste kirolak

Elkarrizketa

Edorta Rahm: "Harrigarria da Jonek lortu duena, oso harro nago"

A. B. E. | EITB Media

Jon Rahm U.S. Openeko txapeldunaren aita elkarrizketatu du Diego Arambalzak Radio Euskadiko 'Fuera de Juego' saioan.

  • Edorta Rahm, Jonen emaztearen eta bere iloba, Jon garaikurrarekin eta Jonen ama. Argazkia: EFE

    21:20 min
imagen player
imagen player
imagen player

U.S. Openeko txapelduna den Jon Rahmen aita elkarrizketatu du Diego Aranbalzak Radio Euskadiko "Fuera de Juego" saioan. Titulua lortu ondorengo egunak nola bizitzen ari diren azaldu du Edorta Rahmek.

"Igandean Jonek garaipena lortu zuenetik estresa izan da nagusi etxean, baina estres eramangarria, estres ona", adierazi du Edortak elkarrizketaren hasieran. "Oraindik kosta egiten zaigu gure semeak U.S. Open txapelketa irabazi duela barneratzea. Astelehen gauean Jonen etxean geunden afaltzen, eta ia ez genuen hitz egin, jaten ari ginen ia hitz egin gabe. Jonen etxean gaudenean kopari begira geratzen gara bertan grabatuta dauden izenei begira, eta ez dugu sinesten", gaineratu du.

Jon Rahmek urte osoan zehar edukiko du garaikurra etxean, eta bitxigile batengana eraman beharko du bere izena bertan graba dezan, Edortak jakinarazi duenez. Jonek garaikurra Bilbora ekarri nahi du, baina ez daki egin ahalko duen, hegazkinez bidaiatzeko arazoak sor bailitezke horrelako gauzak eramateko orduan.

Harro dago Edorta semeak lortu duenarekin: "Harro nago. Bere buruari jartzen dizkion helburuak bete egiten ditu. Harrigarria da lortzen duena. Asko entrenatzen du, eta zerbait berezia du golferako".

Adituek eta zaleek Jon Rahmek momentu zailak gainditzeko duen indarra eta kemena goraipatzen dute, eta, Edortaren ustez, hori jaiotzetik izaten den zerbait berezia da. Hala ere, elkarrizketan aitortu duenez, Jonen aitonak gene lehiakorra zuen, eta inoiz ez zuen ezer galdutzat ematen.

U.S. Open txapelketa oso lehiatua izan zen, eta Jonen aitak esan du noiz jakin zuen irabazteko moduan izango zela: "Azken eguneko amaierako zuloetara arte ez neukan argi, baina 18. zuloan egin zuen birdiearen ostean jakin nuen garaipena lortzeko aukera izango zuela".

Zaleek txapelketan zehar Jon Rahmi eskainitako babesa azpimarratu du Edortak. Bestalde, argi utzi du Jonek berdin jarraitzen duela gurasoekin eta senideekin, ez zaiola arrakasta burura igo, eta eurekin golfean jokatzen jarraitzen duela. Gainera, koronabirusaren pandemiarengatik urtebete semea ikusi gabe egotea oso gogorra izan da Edortarentzat, eta iloba ere ezin izan dute ikusi. Duela bi aste Jon Rahm Memorial txapelketan garaipena lortzeko lehian zebilenean, positibo eman zuen covid-19an, eta, ondorioz, txapelketa utzi behar izan zuen; orduan bizitako momentuez ere hitz egin du Edorta Rahmek.

"Jonen ametsa beti izan da mayor bat irabaztea, eta lortu du. Gainera, gehiago lortzeko bidean da. Irabaztea oso zaila da, baina oraindik Jon Rahmen bertsio onena ez dugula ikusi uste dut", esan du Edortak.

Etorkizunari begira, Jon Rahmek txapelketa handiei eta Olinpiar Jokoei aurre egin beharko die laster. Edortaren esanetan, Jonen helburua dena irabaztea da, nahiz eta badakien hori lortzea oso zaila dela.

British Open txapelketa edo Tokioko Olinpiar Jokoak, bietatik bat irabaztea aukeratu beharko balu, Jon Rahmen aitak ez daki semeak zer aukeratuko lukeen. Elkarrizketa amaitu aurretik Edortak esan duenez, Jon Rahmi iritsi zitzaizkion Euskal Herritik bidalitako animoak.