Itxi

Beste kirolak

Tenisa

Ane Mintegi gipuzkoarra, gazte mailako Wimbledongo txapeldun

A. A. | EITB MEDIA

Idiazabalgo tenislariak 2-6, 6-4 eta 6-1 irabazi dio Nastasja Mariana Schunk alemaniarrari, hiru setetan.

  • Ane Mintegi, garaikurrarekin.

    Ane Mintegi, garaikurrarekin. Argazkia: EFE

Ane Mintegi gipuzkoarrak irabazi du igande honetan Wimbledongo gazte mailako txapelketa, Nastasja Schunk alemaniarra hiru setetan menderatuta (2-6, 6-4, 6-1).

Mintegik finalera iristeko balio izan dion orain arteko jokamolde bera izan du oinarri finalean ere, hau da, pistaren hondotik hautsi ezinezko sendotasuna eta bere aukeretan konfiantza mugagabea izatea, baita unerik txarrenetan ere.

Hori dela eta, lehen setean izandako zalantzazko hasierari buelta emateko ahalmena izan du. Izan ere, Idiazabalgoak erraz eman du amore hasierako txanpa horretan bere adin bera duen (17 urte) alemaniarraren aurka.

Hartara, Wimbledongo pista nagusian jokatzeak ez dio besoa dardararazi euskal tenislari gazteari. Pistaren hondotik duen gaitasunari helduta (sarera ere igo da, hala egiteko aukera ikusi duenetan), bigarren txanda bereganatu du behartu gabeko akats urri eginez (10 gipuzkoarrak, 18 alemaniarrak) eta lehen zerbitzuarekin izan duen eraginkortasunari esker (puntuen % 75 irabazi ditu era horretan).

Azken setean, aise nagusitu da Mintegi. Txapelketa honetara arte WTAko 715. jokalaria zenak erabat hartu du mendean bere aurkaria (munduko 675. jokalaria), kolpe sakonak emanez eta kantxaren alde batetik bestera mugituz.

Hori bai, behin betiko txandan, 5-1 irabazten ari zela, sufritu egin du partida bere zerbitzuarekin ixteko. Alabaina, espero baino gehiago kostatu zaion arren (aurretik hainbat pilota alferrik galdu ditu), azkenerako bere helburua gauzatu du.

Schunkek sarera bidalitako pilota batek ezarri du partidaren amaiera, eta Idiazabalgo gaztearen garaipen historikoa.

Titulua lortu ondoren, pozarren azaldu da, harmailetara igo baita bere entrenatzailearekin eta familiarekin ospatzeko.

Mintegiren orain arteko topea Grand Slam batean 2020an erdietsitako Australiako final-laurdenak ziren, eta bertan erretiratu egin behar izan zuen, bero-kolpe baten ondorioz.