Itxi

Beste kirolak

GOLFA

PGAko urteko jokalaririk onena izendatu dute Jon Rahm

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Munduko sailkapenean lehen postuan dagoen Barrikako golflariak lehen aldiz jaso du sari hori.

  • Jon Rahm

    Jon Rahm AEBko irekian zehar. Argazkia: EFE

Jon Rahm golf-jokalari bizkaitarra urteko jokalari aukeratu dute, Ameriketako Estatu Batuetako PGA zirkuituak aitortzen dituen puntuetan oinarrituta. Igandean Tour Championship txapelketako azken jardunaldiko 18. zuloan egin zuen birdieari esker lortu du saria. Bertan, bigarren egin zuen, Patrick Cantlay garailearen atzetik, eta bost milioi dolarreko saria poltsikoratu zuen.

Munduko sailkapenean lehen postuan dagoen Barrikako golflariak lehen aldiz jaso du sari hori. Aintzatespen hori emateko, hiru aldagai izaten dituzte kontuan: txapelketetan lortutako garaipenak, irabazitako diru kopuru ofiziala eta batez besteko puntuazioa.

Denboraldi honetako AEBko Irekiko (US Open) txapeldunak 75 punturekin amaitu du sailkapen hori, bigarren izan den Bryson DeChambeau estatubatuarrak baino bost puntu gehiago lortuta.

Rahm 15 aldiz sailkatu da lehen 10 onenen artean denboraldi honetan parte hartu duen PGA Tourreko 22 txapelketetan.

Horrez gain, bizkaitarrak Vardon Saria ere bereganatu du, berea izan baita denboraldian zehar egindako batez besteko puntuazio baxuena (69,3). Dustin Johnsonek txapeldunorde bukatu du sailkapen horretan (69,619) eta Louis Oosthuizen hegoafrikarrak, hirugarren (69,714).