Itxi

Beste kirolak

Snowboarda

Lucas Eguibarrek brontzea irabazi du Cerviniako Munduko Kopan

EITB MEDIA

Basque Teameko 'rider'-ak berriz ere distira egin du 2022ko Beijingeko Joko Olinpikoetarako faboritoa den denboraldian.

  • Lucas Eguibar, Cerviniako probako podiumeko hirugarren tokian

    Lucas Eguibar, Cerviniako probako podiumeko hirugarren tokian. Argazkia: Basque Team.

Lucas Eguibar egungo munduko txapelduna protagonista izan da berriro Munduko Kopan, Cervinia, Italian, jokatutako proban hirugarren eginda. 

Donostiarrak argi utzi du zergatik dagoen kiniela guztietan. Aosta Haraneko pistan markatutako zirkuituan sendo irristatu da. Ostiralean onena izan zen sailkapen txandan eta larunbat honetan azkarrena izan da final-zortzirenetan zein final-laurdenetan. Final-zortzirenetan aurrera egin du Kalle Koblet suitzarrarekin batera, Basque Teameko Alvaro Romero eta Alex Debold estatubatuarrak gaindituta. Final-laurdenetan Alessandro Haemmerle ahalguztiduna, Koblet eta Filippo Ferrari italiarra baino azkarragoa izan da.

Finalerdia

Finalaren atarikoa ez da ona izan, Lucas laugarren postuan geratu baita. Hala ere, uirduritasuna kontrolpean izaten jakin du, eta, aipatzeko moduko pazientziaz, aurkarien akats baten zain geratu da. Haemmerle austriarrak eta Yoshiki Takahara japoniarrak talka egin dute, eta lurrera joan dira. Lucasek hori aprobetxatu du bigarren postura  aurrera egiteko.

Finala

Final handian Jakob Dusek austriarra eta Eliot Grondin kanadarra izan dira onenak. Lucas Eguibarrek zapore osoa gozoa duen brontzearekin konformatu behar izan du. Hirugarren postu horri esker podiumera itzuli da 'Luki', Munduko Txapelketako urrearen eta Reiteralmeko Munduko Kopako zilarraren ondoren, ia urte bat beranduago.

"Pozik eta hunkituta"

"Oso pozik nago, hunkituta, oso uda luzea izan da bizkarreko arazoekin, kirola uztea ere pentsatu nuen, hobera egiten ez nuelako. Baina hemen gaude berriro eta oso pozik nago. Garaipenak ihes egin digu egin ditudan akatsengatik, baina lanean jarraitu behar dugu. Orain Gabonak gozatzea eta indartsuago itzultzera",  adierazi du Lucas Eguibarrek.

Hurrengo helburua

Eguberrietako etenaldiaren ondoren, emozioz beteriko denboraldia izango du zain, Munduko Kopako sailkapen nagusiko Kristalezko Globoa jokoan dagoela, baina baita otsailean jokatuko diren Beijingeko Jokoetan domina lortzeko hautagaietako bat izatearen presioarekin ere.