Itxi

Beste kirolak

TENISA

Nadal Roland Garroseko finalera sailkatu da, Zverevek min hartu ostean, eta Ruud izango du aurkari

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Tenislari balearrak Parisko txapelketako hamalaugarren finala jokatuko du datorren igandean. Bertan, Casper Ruud Norvegiako gaztea izango du aurrez aurre, hark marin Cilic kanporatu baitu lau setetan.

  • Zverev eta Nadal, elkar agurtzen partida amaieran

    Zverev eta Nadal, elkar agurtzen partida amaieran. Argazkia: EFE

Rafael Nadal Roland Garros txapelketako finalera sailkatu da hamalaugarren aldiz Alexander Zverev finalerdietako aurkariak partida bertan behera utzi behar eta gero. Izan ere, tenislari alemaniarrak orkatila bihurritu du, eta gurpildun aulkian eta malko artean atera behar izan da tenis-kantxatik.

Aldagelan minutu batzuk eman ondoren, Zverev pistara itzuli da, bi makuluren laguntzarekin, jendea agurtzeko.

Zorigaiztoko une hori iritsi arte, bi tenislariek hiru ordu baino gehiago eman dituzte jokoan. Lehendabiziko seta 7-6 (8) bereganatu du Nadalek, eta bigarrenean berdinduta zeuden 6 jokora.

Zverevek Nadalen aurkako finalerdia bertan behera utzi behar izan du, lesionatuta. Argazkia: EFE

Zverevek Nadalen aurkako finalerdia bertan behera utzi behar izan du, lesionatuta. Argazkia: EFE

Finala, igandean Ruuden aurka

Casper Ruud norvegiarra izango da Nadalen aurkaria finalean, hark Marin Cilic kroaziarrari irabazi baitio (3-6, 6-4, 6-2 eta 6-2) finalerdietako bigarrenean, 2 ordu eta 55 minututan.

Ruudek denbora behar izan du Munduko 20. jokalaririk onena den Cilicen aurrean bere jokoari heltzeko, eta amore eman behar izan du lehen setean. Cilicek, bere aldetik, Daniil Medvedev (Munduko 2. jokalaririk onena) kanporatu eta gero, primeran ekin dio neurketari.

Alabaina, Munduko rankingean 8. tokian dagoen norvegiarrak (23 urte) bere maisutasuna ezartzen amaitu du, eta ez dio aukerarik eman kroaziarrari.

Ruud azken denboraldi hauetan lur harrotuaren gainean garaipen gehien lortu dituen tenislarietako bat da. Izan ere, 2020tik 2022ra bitartean 65 batu ditu, beste inork baino gehiago (bigarren tokian Tsitsipas ageri da, 51rekin).