Itxi

Beste kirolak

SURFA

Ariane Ochoa, Rip Curl Pro Angleteko txapeldunordea

BASQUE TEAM | EITB MEDIA

Basque Teameko surflaria Yolanda Hopkinsek baino ez du gainditu WQS zirkuituari dagokion txapelketan

  • Ariane Ochoa

    Ariane Ochoa en el Rip Curl Pro Anglet. Foto: Basque Team

Ariane Ochoak 32 onenen kanporaketan sartu zen lehian; aurretik bizkaitarrak egin behar izan ez zituen beste bi kanporaketa jokatu ziren. Bertan Ainhoa eta Sara Leiceaga Urruñako surflariak eta Rachel Presti alemaniarra izan zituen aurkari. Ochoak aurrera egin zuen txandako lehen postuan, 11.77ko puntuazioarekin, Ainhoarekin batera, Iparraldekoak 10.50 puntu pilatu zituela.

16 onenen txandan, Ochoak Portugalgo armada indartsuarekin neurtu zituen indarrak. Hala ere, nazioarteko surfean une zoragarrian dauden portugaldarrek ezin izan zuten Basque Teameko kirolaria gelditu. Arianek hurrengo fasera egin zuen salto, berriz ere txandako onena izanik. Arianek 10.57ko puntuazioa lortu zuen eta Carolina Mendesen, Teresa Bonvaloten eta Gabriela Dinisen aurretik bukatu zuen.

Final-laurdenetan zortez egokitu zitzaion beste arerio portugaldar bat: Mafalda Lopes. Arianek, surf sendoa erakutsiz, 6.33 eta 6.17ko bi olatu onenak lortu zituen 12.50eko puntuazioarekin amaitzeko, eta horrek argi eta garbi eman zion finalerdietarako txartela, Lopesek lortutako 8.24koarekiko alde nabarmenarekin.

Finalerdietan aurkari zaila izan du gaur zain: Anat Lelior. Arianek, aurrean zuen aurkariagatik kikildu beharrean, oso ondo jokatu du eta hasieratik aurretik jarri da. 4.67ko olatu bat eta 6.33ko olatu bat, arauzko denboraren hasieran, nahikoa izan dira finalerako txartela eskuratzeko.

Finaleko olatuen eskaintza ez da oso anitza izan, eta Ariane Ochoak eta Yolanda Hopkins portugaldarrak olatuen aukeraketan jarri behar izan dute arreta, eskuzabala izan ez den itsasoari ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko. Yolanda Hopkins aurretik jarri da 3.17ko olatuarekin eta 6.17ko olatuarekin, eta Arianek 3.50 eta 2.20ko olatuekin erantzun dion arren, ez da nahikoa izan. Bost minuturen faltan bizkaitarrak 3.87ko olatu surfeatu du eta markagailuan hurbildu da. Jarraian, 3.53 eta 5.37ko beste bi olaturekin itxi du bere jarduna, baina ezin izan du aldatu finalaren norabidea. Yolanda Hopkinsek irabazi du Pro Anglet txapelketa 11.17ko puntuazioarekin eta Ariane Ochoak lortu du bigarren postua 9.24 punturekin.