Itxi

Beste kirolak

Eskubaloia

Zuazo Barakaldo eta Beti-Onak, Kopatik at

I. G. | EITB MEDIA

Bizkaitarrek 23-26 galdu dute La Calzada Gijonen aurka, eta nafarrek ezin izan dute Rocasa Gran Canaria gainditu gol bakarragatik (25-26).

  • Zuazo Barakaldo - La Calzada Gijon

    Zuazo Barakaldo - La Calzada Gijon. Argazkia: RFEBM

Zuazo Barakaldok 23-26 galdu du La Calzada Gijonen aurka Erreginaren Kopako bigarren faseko partidan. Zorte bera izan du Beti-Onak taldeak, Rocasa Gran Canariaren aurka galdu baitu etxean. Partida oso liskartsua izan da, eta bisitariak gol bakarreko aldeaz igaro dira hurrengo fasera (25-26).

26a zorte txarraren zenbakia izan da bi taldeentzat. Zuazok gaizki ekin dio partidari eta asturiarrak izan dira markagailua irekitzen lehenak.

Etxekoek erritmoa hartu diote aurkariari, baina ezin zuten hori markagailuan islatu. Lehen zati osoan zehar pare bat gol atzetik mantendu dira, eta horrela iritsi dira atsedenaldira (9-11).

Bigarren zatiaren hasieran gauzak aldatu egin dira, eta Zuazok markagailuan nagusitzea lortu du lehen jokaldietan (16-15). Baina hor amaitu dira aukera guztiak. Bisitariek buelta eman diote markagailuari berriro eta garaipena ziurtatzeko adina urrundu dira.

Barakaldokoak azken unera arte borrokatu dira, baina azken txistuarekin lehiaketatik kanpo uzten dituen porrota ziurtatu dute (23-26).

Bestalde, Beti-Onak dena ematera atera da Atarrabiako Indurain Anaiak udal kiroldegian eta partidaren lehen minutuetan hartu dute aurrea. Hala ere, kanariarrek nafarren tantoak itzultzen zituzten, denbora guztian atzetik jarraituz markagailuan.

Baina, markagailuan zortzina berdindu eta euskaldunek kontrako penaltia jaso ondoren, Kanaria Handia aurretik jarri da eta etxekoei egokitu zaie euren golak berdintzeko lana.

Hortik aurrera, partida joan-etorriko joko bihurtu da, eta atsedenaldira euskal jokalariekin iritsi da abantaila txiki batekin (16-14).

Partidak ez du gidoia aldatu bigarren zatian, baina hogei tantora heltzean bisitariek jokoaren kontrola hartu dute garaipena lortzeko (25-26). Beti-Onak saiatu da, baina gol gehiago sartzeko denborarik gabe geratu da, eta, era berean, Kopatik kanpo.