Itxi

Beste kirolak

ESKUBALOIA

Zuazo taldeko jokalari eta teknikariek bizi duten "egoera larria" plazaratu dute

A. A. | EITB MEDIA

Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, azken bi denboraldietako hainbat soldata zor dizkiete, eta egunerokotasunari aurre egiteko arazoak dituzte.

1:13
Zuazo-Bera-Bera

Zuazo Eskubaloi Klubeko jokalariek eta talde teknikoak astelehen honetan ohar bat kaleratu dute pairatzen ari diren "egoera larria" salatzeko asmoz.

Haien esanetan, Zuazo Eskubaloi Klubak Ohorezko Mailako taldeko jokalariei eta talde teknikoko kideei azken bi denboraldietako hainbat "soldata" zor dizkiete.

Horrez gain, egunerokotasunari aurre egiteko zailtasunak dituztela ere adierazi dute, besteak beste, "kirol materialaren eskasia edo entrenamenduetara joateak sortzen dituen gastuei aurre egitekoak". Hori gutxi ez eta, egoera are larriagotzat jotzen dute etxetik kanpo bizi diren jokalarien kasuan, maiz, familiako kideei eta gainerako jokalariei "dirua eskatu" behar izaten baitiete, edota "bizimodua bera ere egokitu, oinarrizko beharrei aurre egin ahal izateko".

Egoeraren zioetako asko "Klubaren zorpetze arazoei" lotuta daudela azaldu dute, "dela dirulaguntza publikoen atzerapenagatik, dela inbertsio pribatuak lortzeko ezintasunagatik". Dena den, argi dute "ez dela zilegi Klubak dituen finantzaketa arazoek jokalarioi eta talde teknikoari eragitea".

Jokalari eta teknikarien hitzetan, klubeko zuzendaritza-batzordearekin berba egin zuten egoera bideratzen laguntze aldera, baina egungo egoera "muturrekoa" izatera iritsi dela nabarmendu dute, eta horrek "entrenatzea, lehiatzea eta gure helburuetan zentratuta egotea" zailtzen duela.

Azkenik, Klubarekin duten "konpromisoa erabatekoa" dela azpimarratu dute, arazoak gorabehera "entrenatzen jarraitzen" baitute, eta horrela jarraituko dutela. Aitzitik, egoera "ezinezkoa" egiten zaienean "neurri zorrotzak" hartu beharko dituztela aurreratu dute.