Itxi

Beste kirolak

GOLFA

Jon Rahmek munduko sailkapeneko lehen postua berreskuratu du Genesis Invitational txapelketa irabazita

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Rahmek munduko sailkapeneko lehen postua berreskuratu du 2022ko martxotik lehen aldiz, aurtengo hirugarren txapelketa irabazita.

  • Jon Rahm

    Jon Rahm Genesis Invitationaleko garaikurrarekin. Argazkia: EFE

Jon Rahm Barrikako golf jokalariak irabazi du igandean Pacific Palisadeseko (Kalifornia, AEB) Genesis Invitational txapelketa, eta munduko sailkapeneko lehen postua berreskuratu du.

Rahm Max Homa estatubatuarrarekiko hiru kolpeko aldearekin iritsi zen Kaliforniako txapelketako azken itzulira, eta parraz azpitik 17 kolpe eginda amaitu zuen bere ibilbidea (-2 igandean). Atzetik zuen jokalaria -15 pilatuta geratu zen (-3 laugarren txandan).

Horrenbestez, bere hirugarren txapelketa irabazi du Rahmek 2023an, urteari hasiera bikaina emanda. Astearen hasieran, munduko sailkapeneko hirugarren postuan zegoen, eta lortutako garaipenarekin Scottie Scheffler estatubatuarra (1.a) eta Rory McIlroy (2.a) aurreratu ditu, 2022ko martxotik lehen aldiz munduko sailkapenaren buruan jartzeko.

Genesis Invitational torneoan lortutako garaipena aurretik irabazitako bi txapelketei batu zaie (Sentry Tournament of Champions eta The American Express), eta, hala, bera da munduan une honetan sasoi onenean dagoen golf jokalaria.

Rahmek ez zuen lan errazik izan Genesis Invitational torneoaren azken egunean; izan ere, Homak gauzak zail jarri zizkion zenbait unetan, eta, besteak beste, larunbatean bizkaitarrak lortutako hiru kolpeko aldea iraultzea lortu zuen tarte batez.

Hala ere, Barrikakoa bere onera itzuli zen 14. eta 16. zuloetan bi birdie eginda (bost birdie eta hiru bogey eginda amaitu zuen igandea).

Igande honetan lortutakoarekin, PGA Tourrean eskuratzen duen hamargarren garaipena du Rahmek bere ibilbide osoan. Badu beste datu harrigarri bat ere: jokatu dituen azken bederatzi txapelketetatik bost irabazi ditu (2022ko amaiera eta 2023ko hasiera kontuan hartuta).

Garaipenaren osteko prentsaurrekoan, Rahm harro agertu zen Seve Ballesteros mitikoa (9 garaipen AEBko zirkuituan) gainditu zuelako, eta bere ibilbide pertsonalerako "mugarria" delako PGA Tourrean 10 garaipeneko marka lortzea.

Bizkaitarrak gaineratu zuen "benetako ohorea" izan zela horrenbesteko garrantzia duen txapelketa irabaztea, eta, gainera, Tiger Woods lehiaketako "anfitrioia" izanda.