Itxi

Beste kirolak

SNOWBOARDA

Alvaro Romero, bigarren Veysonnazko Munduko Kopan

A. A. | EITB MEDIA

Donostiarrak bere ibilbide laburreko emaitzarik onena eskuratu du Suitzan jokatutako txapelketan. Lucas Eguibarrek, aldiz, ez du final-laurdenetara sailkatzea lortu.

  • Alvaro Romero, ezkerrean, azken podiumean

    Alvaro Romero, ezkerrean, azken podiumean. Argazkia: Neguko Kirolen Espainiako Federazioa

Alvaro Romero donostiar gazteak (19 urte) zilarrezko domina eskuratu du Veysonnazko (Suitza) estazioan jokatu den snowboardcrosseko Munduko Kopa. Romero lehen aldiz sailkatu da finalerako, eta bere estreinako aldian bigarren izateko gai izan da Martin Noerl alemaniarraren atzetik. Haien atzetik sailkatu dira Lorenzo Sommariva italiarra eta Eliot Grondin kanadarra.

Aurretik, Lucas Eguibarrek ez du lortu final-zortzirenak gainditzea. Donostiarra lasterketa irabazteko faborito nagusienetakoa zen; izan ere, Veysonnaz bere estazio kuttunetakoa da, eta, gainera, aurreko asteburuan Sierra Nevadan emaitza ezin hobeak eskuratuta iritsi da Suitzara: larunbateko proba irabazi zuen, eta bigarren egin zuen igandekoan. Alabaina, Munduko Kopako sailkapeneko lidertzan zegoen riderari kolpe bat eman diote lasterketan zehar, eta horrek kalte egin dio bere jardunean. Azkenerako, ezin izan du bere txanda gainditu, hirugarren geratu baita, Matteo Menconi italiarraren eta Jake Vedder iparramerikarraren atzetik.

Horrenbestez, Eguibarrek galdu egin du sailkapen nagusiko lidertza Noerlen mesedetan, Kanadan hurrengo asteburuan jokatuko diren bi proben faltan. Alemaniarrak 374 puntu ditu une honetan, eta haren ostean Omar Visintin italiarra ageri da 335 punturekin. Eguibar, bere aldetik, hirugarren tokira jaitsi da, 326 punturekin. Munduko Kopa amaitzeko falta diren aipatu bi probak Mt. St. Annen (Kanada) izango dira, martxoaren 24tik 26ra.