Itxi

Beste kirolak

ESKUBALOIA

Bidasoa, hiru goleko aldearekin, final-laurdenetarako sailkapenaren bila

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Jacobo Cuetararen taldeak 30-27 irabazi zuen Artalekun. Hortaz, hiru goleko abantailarekin abiatuko da astearte honetan Lisboan jokatuko den itzulerako partida. Norgehiagoka ETB4n eta eitb.eus-en ikusi ahalko da 20:45ean hasita.

  • Bidasoako jokalariak

    Bidasoako jokalariak joaneko partidan. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia

Bidasoa-Irun, denboraldiko momenturik onenean, Europako Ligako final-laurdenetara sartzen saiatuko da. Horretarako, joaneko neurketan lortutako hiru golak baliatu beharko ditu (30-27) orain Sporting Portugalen kantxan. Partida erabakigarria, Bidasoak Europa Ligan jokatzen dituen guztiak bezala, ETB4n eta eitb.eusen ikusi ahal izango da 20:45etik aurrera.

Portugalgo taldeak faborito izaten jarraitzen du, ligako liderra da, baina azken jardunaldietan gozo-gozo dabilen eta gauzak zail jar diezazkiokeen euskal taldeari aurre egin beharko dio.

Irundarrek jokatutako azken zazpi partidetatik bost irabazi dituzte. Galdutako partidak Motor Zaporiyiaren aurkakoa eta Barçaren aurkakoa dira. Lehena garrantzirik gabekoa, eta bigarrena, Kataluniako taldearen aurka jokatzea egokitzen zaien talde gehienek jasotzen dutena.

Bidasoak otsailaren erdialdera arte luzatu zen krisia gainditu du, Valladoliden etxean eta asteburu honetan Guadalajaran bi partida jarraian irabazi ondoren.

Aurrean, iragan asteartean Artalekun bere boterea erakutsi zuen aurkari bat. Edozer egiteko aukerak izan zituen, baina hiru goleko aldeaz galdu zuen, Costa anaiek, Kikok eta Martinek, euren taldearen golen erdia baino gehiago sartu zuten arren.

Bidasoak baja garrantzitsua du partida honetarako, Mihalo Mitic serbiarrarena, joaneko partida galdu ere galdu zuen orkatila bihurritu zuelako. Jacobo Cuetarak irtenbideak aurkitu ditu: lehen lerroan eskuinekin jokatzea, bi piboterekin jokatzea aldi berean edo Julen Mujika juniorrari minutuak ematea.