Itxi

Beste kirolak

Eskubaloia

Zuazo, nagusi Beti-Onaken aurkako play-downeko lehen jardunaldiko euskal derbian (23-18)

A. B. E. | EITB Media

Zubileta Evolution Zuazok garaipena bereganatu du Gurpea Beti-Onak Azparren Gestion taldearen aurka 23-18 emaitzarekin, Guerreras Iberdrola Ligako jaitsiera ekiditeko ligaxkako lehen jardunaldiko partidan.

  • Zuazo vs Beti-Onak

    Play-downeko Zuazo vs Beti-Onak partidako emaitza. Argazkia: @IberdrolaDHF

Zubileta Evolution Zuazok irabazi du Beti-Onak Azparren Gestionen aurkako Guerreras Iberdrola Ligako play-downeko lehen jardunaldiko euskal derbia 23-18ko emaitzarekin, larunbat honetan, apirilaren 29an, Lasesarren (Barakaldo).

Play-dowak ligaxka formatua du, eta kontuan hartu da denboraldi erregularreko sailkapena talde bakoitzaren puntuak egokitzeko. Hala, horrelaxe ekin diote ligaxkari lehian ibiliko diren lau taldeek: Gurpea Beti-Onak Azparren Gestionek 9 puntu, KH-7 BM. Granollersek 8, Grafometal La Riojak 4 eta Zubileta Evolution Zuazok 3.

Zuazoren eta Beti-Onaken arteko euskal derbiaren hasieran Bizkaiko taldea izan da nagusi (3-0), baina azkar erantzun du Nafarroakoak eta lehia parekatu du (4-3 eta 5-4). Lehen zatiko azken txanpan hobeto jokatu du Zuazok; ondorioz, Barakaldoko taldea hiru goleko abantailarekin iritsi da atsedenaldira (8-5).

Bigarren zatiko lehen minutuetan Zuazok lehen zatian eskuratutako errenta handitu du (12-7). Beti-Onaki oso maldan gora jarri zaio norgehiagoka. Nafarroako taldea saiatu da desabantaila murrizten, baina ez du lortu (19-11). Azken txanpan, Beti-Onakek zuloa itxi du (21-17), baina Zuazo ez da urduri jarri, ondo kudeatu du lehiaren amaiera eta garaipena bereganatu du (23-18).

Orain, lehen jardunaldiko derbiaren ostean, Beti-Onakek 9 punturekin jarraitzen du sailkapenean eta Zuazok 5 puntu dauzka.