Itxi

Beste kirolak

Finalerdiak

Bera Bera Ligako finaletik kanpo geratu da, Elx taldearekin hirugarren partidan galduta (22-26)

EITB MEDIA

Imanol Alvarezen taldea atzetik joan da markagailuan ia partida osoan, eta burua altxatu ezinda ibili dira Elxekoen nagusitasunaren aurrean.

  • Bera Bera, Ligako finaletik kanpo

    Bera Bera, Ligako finaletik kanpo. Irudia: @BalonmaBeraBera.

Bera Berak ez du Guerreras Iberdrola Ligako finala jokatuko, finalerdietako hirugarren eta azken partida galdu ostean. Gipuzkoarrek etxean, Josean Gascan, galdu dute Elxen aurka 22 eta 26. Lehen partidan ere, Elxen jokatutakoan, galtzaile atera ziren, gol bakarrarengatik. Bigarrena irabazi egin zuten, Donostian, baina hirugarrenean huts egin dute.

Azken hiru denboraldietako txapeldunak ez du partida ona jokatu. Hasieran aurrea hartu du markagailuan, 5-3, baina Elxeko taldeak berehala hartu du jokoaren kontrola. Nicole Morales atezainak egindako lan bikainak lagunduta, 6-6koa jarri dute markagailuan, eta ondoren, 1-5eko partzialari esker, aldea zabaldu dute markagailuan (6-11). Imanol Alvarezen taldeak 12 minutu eman ditu golik sartu ezinda.

Lehen zatia 10-15 amaitu da, Alacantekoek kantxan erakutsi duten nagusitasunaren ondorioz.

Bigarren zatian, gipuzkoarrak egoera irauli beharrean zeuden. Aurretik, atsedenaldian, Nicole Morales atezaina zorabiatu egin da eta osasun zerbitzuen laguntza behar izan du. Errekuperatu osetan, bigarren zatian jokatzen jarraitzea erabaki du. Eta nola jokatu, gainera. Geldiketa bikainak egin ditu, momentu garrantzitsuetan, eta eragin zuzena izan du bere taldearen jokoan. Benetan zaila izan da Bera Berarentzat Elxen atea zulatzea.

Elx, jaun eta jabe

Bigarren zatian, Bera Berak ezinean jarraitu du, aurkariaren nagusitasunari aurre nola egin asmatu barik. Horrela, Elxek zazpi goleko zuloa egin du markagailuan (11-18), eta Bera Bera laura hurbildu den arren (14-18), egoera ez da aldatu. Sei goleko errentaren inguruan aritu dira bi taldeak denbora guztian.

Azkenean, Elx 22-26 gailendu da, eta Guerreras Iberdrola Ligako finala jokatuko du Costa del Sol Malagaren aurka. Bera Berak, aldiz, ezingo du iazko lorpena errepikatu.